AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/21 09:10

Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak atzo eman zuen argitara "jardun politiko sozialistarako espazio" berria: Igara espazioa ireki du Andoaingo (Gipuzkoa) Eskola kaleko 4. zenbakian. Bihar, abenduaren 22an, izango da espazioaren irekiera saioa, 19:00etan. 

"Ate berri bat ireki da. Iraganeko burdin-bideen eta erroten oihartzuna entzun daitekeen herri honetan, Igara jaio da", dio espazioaren berri emateko zabaldu duten bideoak. "Iraganeko eta gaurko borrokek bat egiten duten lekutzat" hartu dute Igara. "Ideiak partekatzeko eta bihar berri bat elkarrekin eraikitzeko" toki bat izango da; "klase-borrokarako espazio bat".

Bihartik aurrera, hainbat ekimen izango dira Igaran. Larunbatean, hilaren 23an, espetxeaz eta militantziaz arituko da Zigor Garro preso politiko ohia, 11:30ean hasita. Hilaren 29an, berriz, Itaiako kideek sortutako Oh Gu Hemen! programaren saio bat emango dute; indarkeria matxistari buruzkoa, hain justu. 19:00etan izango da emanaldia. Hurrengo egunean, abenduaren 30ean, mus txapelketa bat egingo dute, 15:30etik aurrera.

Bestalde, autodefentsarako espazio bat ere izango da Igara. Buruntzaldean ere martxan daukate Etxebizitza Sindikatua, eta jardun horri ere emango dio aterpe bat Andoaingo espazioak. Hala, etxebizitzari lotutako aholkularitza bulego modura erabiliko du Igara Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak, eta urtarrilaren 3an eskainiko dute aurreneko saioa. 17:30etik 19:30era bitartean bertaratzeko aukera izango dute etxebizitzari buruzko aholkularitza eta babesa behar duten pertsonek.

EZ DAGO IRUZKINIK