AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/18 15:00

Israel suntsitu! Palestinar erresistentzia aurrera! Genozidioaren konplizeei bakerik ez! lelopean, Ikasle Abertzaleakek (IA) mobilizazioak egin ditu gaur eguerdian Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Ehunka ikasle batu dira Iruñean (Nafarroa), Gasteizen (Araba), Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa) eta Leioan (Bizkaia) egindako manifestazioetara, eta Israelgo Estatuarekin lotura oro apurtzera deitu dute. Izan ere, uste dute Euskal Herriko ikasle-mugimenduak "bi ekarpen xume baina ezinbesteko" egin ditzakeela une honetan: "diskurtso hutsal eta oportunisten aurrean, palestinar erresistentziaren alde borrokatzea"; eta "genozidioaren konplize guztiak seinalatu eta presioa egitea, Israelekin dituzten harremanak eten ditzaten".

IAk nabarmendu duenez, "ikasleon borroka bere fruituak ematen ari dela begi bistakoa da", eta horren erakusletzat hartu du "EHUk harremanak etetera bidean pausoak eman izana". Iritzi dio hori "bi urte luzetako ikasleon borrokaren emaitza" dela, eta hortaz, "mobilizatzen eta borrokatzen" aritu diren guztiak zoriondu ditu. Hala ere, ikasle-antolakundeak ohartarazi du Israelekin harremanak mantentzen dituela EHUk, eta funtsezko zeregin bat dela oraindik ere "Euskal Herriko unibertsitateei presioa egiten jarraitzea"; "CAF, Sener, ITP Aero edo Aernnova enpresekin dituzten akordioak apurtu arte".

"Egoera onartezina da eta mobilizatzea ezinbestekoa"

"Jada 100.000 palestinar baino gehiago erail ditu estatu sionistak eta beste horrenbeste gosez hiltzen utzi ditu", ekarri du gogora IAk: "Hori guztia gutxi ez, eta Israelek laguntza humanitarioari erasotzen jarraitzen du. Horren azken adibidea da hainbat herrialdetako herritarrak daramatzan Askatasunaren Ontzidia erasotu izana". Gauzak horrela, ikasle-antolakundeak bat egin du Europa mailako hainbat ikasle-mugimenduk abiatutako dinamikarekin: azaldu dute, estatu sionistak ontzidia blokeatzen badu, unibertsitateak hartuko dituztela ikasleek.

IAk salatu du, beraz, "egoera onartezina" dela eta "mobilizatzea ezinbestekoa" dela. Horrekin batera, seinalatu du "Europako alderdi politikoek euren konplizitatea agerian utzi" dutela beste behin, "palestinar erresistentziaren alde mobilizatzen diren herritarrak erreprimituz", Espainiako Vueltan esaterako. Dena den, ikasleak "Palestinaren alde borrokatzen jarraitzeko prest" daudela diote antolakundeko kideek, eta dei egin dute mobilizatzen segitzera eta Palestinaren aldeko ikasle-asanbladetan parte hartzera.

Hamar identifikatu Gasteizen eta Ibaetan

Gaurkoan ere, Palestinaren alde mobilizatu diren ikasleei jazarri die Poliziak. Manifestazioak amaitzean, Ertzaintzak atzetik jarraitu die hainbat gazteri: kalean gelditu eta zortzi lagun identifikatu ditu Gasteizen, eta beste bi Donostian. Legez kontrako manifestazio batean parte hartzea leporatzen zietela esan diete poliziek.

EZ DAGO IRUZKINIK