AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/11/16 09:06

Ikasle Abertzaleakek hitzaldi ziklo bat antolatu du zenbait campusetan, Unibertsitatearen elitizazioa gelditu! lelopean abiatutako dinamikari jarraipena emateko. Lau fakultate ezberdinetan izango dira hitzaldiak, eta elitizazioaren aurka martxan jarritako kanpainan sakontzea izango dute helburu. Horretarako, gai bera izango da hizpide guztietan: Unibertsitatearen erreforma prozesua. Elitizazioa eta LOSU.

Donostian (Gipuzkoa), Ibaetako campuseko HEFA II-ko aretoan izango da hitzaldia bihar, 13:30ean. Egun berean, Bilbon (Bizkaia), San Mameseko fakultateko P3G1 gelan emango dute hitzaldia, arratsaldeko 17:30ean.

Etzi, horrenbestez, Leioako (Bizkaia) eta Gasteizko (Araba) campusetan izango dira elitizazioari buruzko hitzaldiak. Leioaren kasuan, 13:00etan izango da, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan. Gasteizen ere ordu berean izango da hitzaldia, Gizarte Langintza Fakultateko sarreran.

Unibertsitatearen elitizazioaren aurkako kanpaina

Urriaren 27an argitaratu zuen IAk unibertsitateetan areagotzen ari den hezkuntzaren elitizazio prozesuaren aurkako dinamika. Hezkuntzaren pribatizaziorako joera etengabean, lantzen den edukiaren hustean eta kalitatearen beherakadan, nahiz errepresio politikoaren gorakadan kokatu zituen problematika hori ulertzeko gakoak, besteak beste.

Elitizazioa, hain zuzen, ikasle langileria hezkuntza-eremuan jasaten ari den "kanporatze sistematikoan gorpuzten" dela ere azaldu zuen IAk, eta "LOSU unibertsitateko lege organiko berriaren proposamenak", gainera, "katalizatzaile lana betetzen" duela "norabide horretan".

Hori dela eta, "doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsalaren" aldeko hautua berretsi du IAk, eta aurrez aipatutako arazo sistematikoaren aurkako kanpaina garatzeko antolatu ditu aste honetako hitzaldiak. "Ikasleriaren politizaziorako eta antolakuntzarako baldintzak" sortzen jarraitzea da asmoa.

EZ DAGO IRUZKINIK