AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Francisco Jiménez/Heraldo de Aragón
2024/02/06 13:05

Zaragozan, Voxeko faxistei aurre egin zieten lau pertsonaren kontrako zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Azkenean, lau urte eta bederatzi hilabeteko zigorra jarri diete lau laguni, hiru delitu egotzita: desordena publikoak eragitea, eraso egitea eta polizia bati lesioak eragitea.

Vox alderdi faxistak 2019ko urtarrilerako antolatutako mitin bati lotutakoak dira gertakariak. Egun horretan, Zaragozako Auditorioan jarri zuen hitzordua Voxek, eta ekitaldi faxistaren kontra protesta egiteko deialdi bat zabaldu zuten hirian. Ohi bezala, Polizia bertaratu zen faxistak biltzekoak ziren toki ingurura, polizia-lerro baten eta armen bidez, horiek babesteko: modu horretan ito nahi izan zuten faxisten kontrako mobilizazioa.

Horren harira eta ostean gertatutakoa seinalatu eta kriminalizatu dute auzitegiek; izan ere, faxisten kontrako protestarekin jarraitu zuten bildutako manifestariek. Bidea moztu zutela edota Poliziari aurre egin ziotela aipatzen da sententzian, baita Poliziaren kontrako oihuak entzun zirela ere. Istiluak izan ziren manifestarien eta polizien artean, eta faxisten kontra protesta egiten ari zirenen kontra oldartu zen Polizia.

Horri lotuta auzipetu zituzten lau pertsona, eta, hasieran, sei urteko kartzela-zigorra ezarri zien Zaragozako Auzitegiak: hiru urtekoa desordena publikoengatik eta beste hiru urtekoa erasoagatik. Aragoiko Justizia Auzitegi Gorenak, gerora, beste urtebeteko zigorra gehitu zion horri, polizia-agente baten kontrako lesio larriagoengatik: beraz, zigorra zazpi urtekoa zen denera.

Hori guztia bildu eta ondokoa erabaki du orain Espainiako Auzitegi Gorenak: desordena publikoei eta erasoari lotutako kondena batu eta, guztira, hiru urte eta bederatzi hilabeteko zigorra jarri die bi delitu horiengatik. Baina, horretaz gain, polizia baten kasuan larriagotutako lesioengatik, urtebeteko zigor gehigarria mantendu egin du (Aragoiko Justizia Auzitegi Gorenak jasotakoa). Beraz, guztira, lau urte eta bederatzi hilabeteko zigorra izango da bakoitzarentzat.

EZ DAGO IRUZKINIK