AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / AP Photo/Jehad Alshrafi
2025/10/28 11:24

Gazako Zerrendan "su-etena" indarrean sartu zenetik, Israelgo Estatu genozidak ia 500 palestinar erail eta beste milaka zauritu ditu, Al Jazeera-ri tokiko osasun-agintaritzek jakinarazi diotenez. Ez dira eten indar sionistek palestinarren etxeen, konboi humanitarioen eta babeslekuen aurka egindako erasoak, eta horrek guztiak gezurtatzen du Donald Trumpek eta hainbat herrialde aliatuk iragarritako ustezko "gerraren amaiera".

Amerikako Estatu Batuek behin eta berriz diote Israelek ez duela "su-etena urratu", baina sionistek setio kriminalari eusten diote Gazan, berreraikuntzarako materialak, erregaia eta funtsezko laguntza blokeatuz, eta palestinar herria hondakin artean eta okupazio militar mugagabean bizirautera kondenatuz. Nazioarteko hedabideek eta erakundeek egindako txosten batzuen arabera, su-etenaren urraketatzat jo daitezkeen gutxienez 80 gertakari identifikatu dituzte genoziden partetik. Bonbardaketak eta bestelako erasoak justifikatzeko, palestinarren ustezko "eraso" batzuk hartu dituzte aitzakiatzat sionistek, baina Palestinako militanteek ez dute halakorik egin izana baieztatu. Hamasek ziurtatu du akordioarekin konprometituta jarraitzen duela, eta Israelgo Estatuari egotzi dio su-etena urratu eta blokeatu izana.

Israelen urraketek krisi humanitario bat mantentzen dute Gazan, eta Rafahko pasabidea itxita mantentzeak larriagotu egiten du egoera, horixe baita Gazarako sarbide bakarra 2007tik, estatu sionistak lurraldean inposatzen duen setioagatik. Laguntza medikoa, elikagaiak eta gainerako oinarrizko baliabideak blokeatuta daude, beraz. Atariko datuen arabera, egoera kritikoa da Zerrendan: gosetea, osasun-arreta falta eta ehunka milaka pertsona harrapaturik, muturreko baldintzetan setiatutako lurraldean.

EZ DAGO IRUZKINIK