AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/16 17:38

Gazte Langileon Asanblada sortu dute Bidasoan, duela bi aste jakinarazi zutenez. Asanbladako kideek azaldu dute hainbat urte igaro dituztela "gazte-mugimenduan era askotako iniziatibak aurrera eramaten", eta "kezka komun batek elkartu" dituela orain: "Espazio baten beharrak".

Horri lotuta, Hondarribian (Gipuzkoa), Piraten Gazteluko lorategia hartu dute gaur asanbladako kideek, Gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko. "Gaztelu hau familia baten bizilekua izan da duela gutxira arte. 2022an erosi zuen Hondarribiko Udalak, eta herriari eskainiko ziola promes egin zuen", seinalatu dute: "Urte bat baino gehiago darama itxita eta ez da publikoki argitu zer egingo den eraikinarekin [...] momentuz espazioa hutsik dago".

Exijentziak Hondarribiko Udalari

Gazteluko lorategia hartuta, udalari zenbait exijentzia egin dizkio Bidasoko Gazte Asanbladak, benetan "Gaztelua herriari eskaini" diezaion. Horrek ondokoa ekarri beharko lukeela uste dute gazteek: eraikina "herriko eragile aktiboek dugun azpiegitura beharra asetzera bideratzea eta jarduera irekiak eskaintzeko aukera ematea".

Azpimarratu dute asanbladak "erasorik gabeko espazio seguru bat" sortu nahi duela; "kontzientzia politikoa pizteko baliagarria, agenda kultural aberatsa martxan jartzeko aukera emango diguna, eta instituzioekiko independentziaz kudeatutakoa". Asanbladako kideek dei egin diote udalari eurekin "esertzera eta soluzio bat bilatzera", espazio baten beharraren auziari heltzeko.

Espazioak noren esku?

"Guk dirurik ez dugun bitartean, herriko eraikinak turisten eta milioidun aberatsen eskuetan gelditzen ari dira, eta duela bi urte gaztelua erosi izanak frogatzen du udalak baduela herriko ondarearen erabileran eragiteko gaitasuna", gaineratu dute. Iritzi diote, gainera, "gaur egungo udal gobernua osatzen duten alderdiek eredu turistikoa eta bere ondorioak horrenbeste kritikatu ondoren", "gutxienekoa" dela "gure proposamena arrazoizkoa dela onartu eta espazio bat lortzeko bide-orri argi bat zehaztea".

"Turismo masiboaren garaiko gazteria gara, lan prekarioetara bultzatuak, etxebizitzara sarbidea geroz eta zailago dugunak", salatu dute: "Bisitariek gure kaleak hartu dituzte eta guretzako ez da ezer geratu. Ez dugu non elkartu, ez dugu nola inguratzen gaituen errealitate hau zalantzan jarri".

EZ DAGO IRUZKINIK