AKTUALITATEA / Espetxea
Hirugarren gradura igaroko dira Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz
Auzitegi Gorenak 9 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Oihan Arnanzi, eta zortzi urte eta erdikoa Jokin Unamunori eta Adur Ramirez de Aldari. Bihartik aurrera, hirugarren graduak jasotzen dituen baimenak lortzeko aukera izango dute hirurek.
2020eko uztailaren 2
Hirugarren gradura igaroko dira Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz

Zaballako (Araba) kartzelako funtzionarioek gaur, uztailak 2, jakinarazi diete Oihan Arnanzi, Jokin Unamunori eta Adur Ramirez De Aldari hirugarren gradura pasako dituztela bihar. Beraz, bihartik aurrera, gradu horrek barne biltzen dituen baimenak eskuratu ahalko dituzte.

Urtarrilean, bigarren graduan sailkatu zituzten Altsasuko gazte auzipetuetako bost; hain zuzen, orain hirugarren gradura igaro diren hirurak (haiek dira giltzapean denbora gehien daramatenak), Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea.

Iazko abenduan, hirugarren graduan sartu zituzten Aratz Urrizola eta Iñaki Abad, espetxeratutako beste bi altsasuarrak.

Auzitegi Gorenak iazko urrian jakinarazi zuen zenbatekoak izango ziren auzipetutako gazteek bete beharko zituzten espetxe zigorrak: 9 urte eta erdiko zigorra ezarri zion Arnanzi; 8 urte eta erdikoa Unamunori eta Ramirez De Aldari; 7 urte eta erdikoa Cobi eta Goikoetxeari; 4 urte eta bi hilabetekoa Urrizolari; 3 urte eta erdikoa Abadi; eta urte eta erdikoa Ainara Urkijori (ez zuten kartzelan sartu).