AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/02 15:15

Alfredo Cospito preso politiko anarkistak isolamendu-erregimenaren aurkako gose grebari eusten dio urritik gaurdaino, Milango (Italia) espetxeko ospitale-unitate batetik. Italiako Epaitegi Gorenak berriki uko egin dio presoaren abokatuak 41-bis izeneko espetxe-erregimen bereziari jarritako helegiteari, eta, beraz, Cospitok borrokan darrai. Hori ez ezik, Giorgia Meloni lehen ministroaren gobernua behin betiko espetxealdia bezalako neurriak gogortzen ari da damurik aurkezten ez duten presoentzat. Gauzak horrela, presoaren osasunak nabarmen egin du okerrera azken egunotan, harik eta heriotzaren ertzean egoteraino.

Cospito borroka azken muturreraino eramateko prest azaldu da espetxeko baldintza gogorrak salatzeko: "Hiltzeko prest nago, mundu guztiak jakin dezan zer den 41-bis erregimena, 750 lagunek isilpean jasaten dutena". Aurrekoa Italiako Senatuan emandako prentsaurreko batean irakurritako gutunaren pasarte bat da. Han izan ziren Flavio Rossi Albertini abokatua, gose greban dagoen anarkistaren defentsan, eta Luigi Manconi irakaslea.

Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko asmoa ere iragarri zuen abokatuak: "Uste dugu hainbat profil daudela Estrasburgoko auzitegian aurkezteko. Premiazko neurri bat eskatzeko aukera aztertzen ari gara ". Horrez gain, Rossinik preso politikoaren egoeraren berri ere eman zuen: "Fisikoki oso ahul dago, 50 kilo baino gehiago galdu ditu, baina tinko eusten dio, aurrera egitea erabaki du eta potasio eta azukre gehigarriak bertan behera uztea erabaki du. Moralez indartsu dago eta ziur dago bizitza osorako den borroka hau irabaz dezakeela, ez du bere buruaz beste egiteko asmorik ".

Eragina kaleetan

Italiako Estatuak 41-bis erregimenean mantentzen du Cospito, presoak "talde anarkisten ekintzak eta protestak gidatzeko ahalmena duela" aitzakiatzat hartuta. Baina preso anarkista isolatuta eta hilzorian egon arren, herrialdeko politika hankaz gora jarri du haren borrokak. Meloniren gobernuaren gainean presio handia jarri dute hainbat mugimenduk: manifestazioak eta istiluak izan dira hamar hiriburutako kaleetan, dozenaka atxiloturekin. Komisaldegien aurkako erasoak ere izan dira, eta zenbait ministrok bonba-gutunak zein balak jaso dituzte posta bidez.

Europako beste hiriburu batzuetan protesta txikiagoak izan dira azken egunetan, hala nola, Berlinen (Alemania) eta Bartzelonan (Herrialde Katalanak). Duela aste batzuk Italiak Atenasen (Grezia) duen enbaxadako lehen kontseilariaren autoa erre zuten zenbait ekintzailek.

Larunbaterako, martxoaren 4rako, manifestazio nazionala deitu dute Turin (Italia) hirian, 41-bis erregimenaren amaiera, behin betiko espetxealdia bertan behera uztea eta Cospitoren askatasuna aldarrikatzeko. Horrez gain, Italiako mugimendu anarkistek elkartasun ekintzak nazioartean gauzatzeko deia egin dute.

Salbuespen erregimena

1992an hasi zen aplikatzen 41-bis erregimena, mafiak Giovanni Falcone eta Paolo Borsellino epaileen aurkako atentatuak gauzatu ondoren. Geroztik, mafiako buruzagiei eta "terrorismo" delituengatik zigortzen dituztenei ondoko neurri sorta ezarri ohi diete espetxean: presoa banakako ziega batean bizi da, gainerako presoekin kontakturik izan gabe eta eremu komunetarako sarbiderik gabe. Kasu jakin batzuetan bakarrik ematen zaizkie patiora irteteko baimenak, beti bakarrik, eta beste funtzionarioekin harremanik izan ezin duten agenteek etengabe zaintzen dituzte. Presoak noizbehinka baino ezin ditzake jaso senideen bisitak, blindaturiko manpara batez bereizita, kontaktu fisikorik gabe, eta, gainera, bere gutun guztiek kontrol zorrotza dute. Hori gutxi balitz, ez dute ez liburu ez aldizkarietara sarbiderik.

EZ DAGO IRUZKINIK