AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / CNN
2025/10/15 09:50

Estatu genozidaren eta erresistentzia palestinarraren arteko su-etenak, urriaren 10etik indarrean denak eta urriaren 13an Egipton berretsi zenak, Gazan gorpuak berreskuratzeko lehen ahalegin sistematikoak ahalbidetu ditu. Gazatarren Defentsa Zibileko taldeek palestinarren 250 gorpu baino gehiago atera dituzte hondakin artetik lehen lau egunetan, bertako Osasun Ministerioaren arabera. Gorpuzki horiek Gaza Hirian, Jabalian eta Khan Younisen topatu dituzte, non sionisten bonbardaketek gutxienez 50 milioi tona hondakin sortu dituzten 2023ko urritik hona, NBEren kalkuluek diotenez.

500.000 familia baino gehiago itzuli dira Gazako Zerrenda iparraldera, eta oinarrizko tresnekin hasi dira eskuzko bilaketak egiten. Kaleetan eta ubideetan egon daitezkeen gorpuak lehenesten ari dira, deskonposizioa prebenitzeko eta gorpuzkiak kontserbatu ahal izateko.

Hala ere, Israelgo Estatuak ez zuen egun bakar bat ere behar izan su-etena hausteko. Urriaren 14an, gutxienez bost palestinar erail zituen drone eta artilleria bidez Shujayea auzoan (Gaza Hiria) eta Al-Fukharin (Khan Younisetik gertu), Al-Ahli Ospitaleko eta Gazako Defentsa Zibileko iturrien esanetan. Eraso horien ondorioz, bederatzi pertsonak galdu zuten bizia eta hamazazpi palestinar zauritu ziren.

Su-etenerako akordioaren urraketekin jarraituz, estatu genozidak 300 kamioira mugatzen ditu egunero Kerem Shalom eta Rafah bidez Zerrendan sartzen diren laguntza humanitarioko kamioiak. Hau da, gosete betean dauden 2,3 milioi biztanleak artatzeko eskatu eta hitzartu ziren 600 ibilgailuen erdia. Oxfam eta Elikagaien Munduko Programa bezalako erakundeen arabera, murrizketa horrek malnutrizio akutua areagotuko du 71.000 umeren kasuan; ur-sistema kolapsatuta dagoelako, hamalau ospitale baino ez daudelako, eta bakar bat ere ez dagoelako erabat martxan.

Horrek guztiak berretsi egiten du estatu genozidak sarraskia geldiarazteari edo gazatarrei atseden txiki bat emateari uko egiten diola, eta agerian uzten du Trumpen "Bake-Plana" aitzakia bat baino ez dela, palestinarren sarraskiaren jarraipena beste bide batzuetatik legitimatzeko, munduaren aurrean. Human Rights Watcheko adituek uste dute 21 urte beharko direla Zerrendako hondakinak guztiz kentzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK