Hego Euskal Herrian, alokairuaren prezioak gora egin du berriro 2024an. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alokairuko etxebizitzen prezioa %9 igo zen iaz, Idealista atariko datuek diotenez. Metro karratuaren prezioa 14,4 eurora heldu zen alokairu-merkatuan, 2023an 13,4 eurora iritsi ostean. Bost urte atzera eginez gero, beraz, nabarmena da gorakada, 2020an 12 eurokoa baitzen metro karratuaren prezioa. Alokairua, beraz, %20 garestitu da azken bost urteetan EAEn.
Lurraldeka, Bizkaian izan da igoerarik handiena, prezioak %9,8 igo baitira batez beste 2024an zehar. Metro karratuaren prezioa hilean 13 eurokoa izan da urtean zehar, baina 14,1era iritsi da urtearen amaieran. Araba da hurrengoa, metro karratuaren prezioa %6,5 igo baita bertan, eta 11,6 euro balio du batez beste metro karratuak. Gipuzkoan, bestalde, %5,8 igo da alokairua joan den urtean, baina prezioak inon baino garestiagoak dira bertan: 16,1 euroko balioa du alokairuko etxeetako metro karratuak, batez beste.
Nafarroari dagokionez, alokairuaren prezioak berriz egin du gora bukatu berri den urtean: Idealista-ren arabera, %6,6koa izan da igoera. Metro karratuaren batez besteko prezioa 9,9 eurokoa izan zen 2023an, eta 2024an, berriz, 10,5 eurora heldu da. Azken bost urteetan, hortaz, metro karratuaren kostua %25 igo da Nafarroan, 8,4 euroko balioa baitzuen 2020an.