AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/06/09 14:38

Euskal gizartearen itxurazko oparotasuna pitzatu egiten da familien etxebizitzaren gastu-indizeei erreparatuz gero. Save The Children erakundearen AquĆ­ no hay quien viva txostenaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haurrak dituzten familien %21ek diru-sarreren %30 edo gehiago etxebizitza-gastuak ordaintzera bideratzen du, hau da, "etxebizitzaren kostuaren gainkargari" aurre egin behar dio.

Izatez, Espainiako Bankuak ziurtatzen duenez, %30etik gorako etxebizitza-gastuak "nabarmen" eragiten die familien erosahalmenari eta aurrezkiei. Haur zein nerabeak dituzten familien kasuan, are presio handiagoa eragiten die haurrengatik kostu handiak beren gain hartu behar dituzten familien aurrekontuei; oinarrizko beharrak asetzea kinka larrian jartzeraino.

Halaber, etxebizitzaren gainkostuaren indizeak, besteak beste, bizitokiagatiko bazterketaren jatorriaren zantzuak antzemateko eta etxegabetze-arriskuak aurreikusteko ere balio du. Bi faktoreak gurutzatzen direnean, adin txikikoak eta gainkostua, emaitzak aski ezagunak dira: Espainiako Estatuko etxegabetzeen %70 eta %80 artean, haurrak eta nerabeak ardurapean dituzten familiei eragiten dietela kalkulatzen da. 2022an 36.000 etxegabetzetik gora izan zirela ikusirik, estatu mailan kaltetutako haur eta nerabeak zenbat izan ziren pentsa dezakegu.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan adin txikikoak dituzten familien etxebizitza-gainkostuaren indizea Espainiako Estatukoaren (%9) bikoitza baino gehiago eta Europar Batasunekoaren (%4,8) ia boskoitza da

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan adin txikikoak dituzten familien etxebizitza-gainkostuaren indizea Espainiako Estatukoaren (%9) bikoitza baino gehiago eta Europar Batasunekoaren (%4,8) ia boskoitza da. Beraz, Hego Euskal Herria arlo horretako indize altuenen artean dago EB mailan; Nafarroan adin txikikoekin etxebizitzaren kostuaren gainkarga sufritzen duten familien ehunekoa apalagoa den arren, %7 ingurukoa.

Espainiako Estatuan

Aurreko konparaketak ez du esan nahi Espainiako Estatuko egoera hobea denik; ezta gutxiagorik ere. Problematikak ertz asko ditu, eta proletalgoaren adierazle soziologiko batzuen hurrenkera bat egitea besterik ez dago horretaz jabetzeko: Espainiako Estatuan alokairuan bizi diren familien %44k jasaten dute etxebizitzaren kostuen gainkarga, eta haurrekin alokairuan bizi direnen kasuan, berriz, %40k.

Haurrak eta nerabeak dituzten etxeetan, ordea, %72koa da etxebizitza-gastuen gainkarga sufritzen dutenen ehunekoa, alokairua merkatuko prezioan badago

Merkatu-prezioan alokatzen duten maizterren artean, oro har, %40k etxebizitza-gastuen gainkostua jasaten dute. Merkatu-prezioaren azpitik alokatzen dutenen %21ek eta hipoteka ordaintzen dutenen %10ek daukate arazo hori. Haurrak eta nerabeak dituzten etxeetan, ordea, %72koa da etxebizitza-gastuen gainkarga sufritzen dutenen ehunekoa, alokairua merkatuko prezioan badago.

Alokairu soziala, gutxi eta hankamotz

Arazo horien guztien aurrean, bada alokairu soziala alternatiba magiko gisa proposatzen duenik, baina datuek goitik behera gezurtatzen dituzte proposamen sozialdemokrata klasiko horiek. Izan ere, "alokairu eskuragarria" edo "soziala" izateak ez ditu familiak gainkargatik salbuesten: alokairu sozialean bizi diren hamar familiatik bik ere etxebizitza-gastuen gainkarga ekonomikoa jasaten dute.

Alokairu sozialean bizi diren hamar familiatik bik ere etxebizitza-gastuen gainkarga ekonomikoa jasaten dute

Hori gutxi balitz, datuek erakusten dute jabetza pribatuaren logikaren pean ez dagoela proletalgoaren etxebizitza-beharra asetzeko adina azpiegiturarik Espainiako Estatuan: etxebizitza sozialen parkea guztizkoaren %2,5koa baino ez da, Europako batez bestekoaren laurdena. Erakunde publikoek proletarioen etxebizitza-gabeziari jabetza pribatuaren erregimena ukitu gabe irtenbidea emateko borondatea izango balute ere, 1,5 milioi etxebizitza inguru eraiki beharko lituzkete; ordaintzeko arazo larriak dituzten pertsonentzat.

Errentaren arabera

Agerikoa denez, diru-sarrerarik txikienak dituztenak dira etxebizitza-gastuen finantza-gainkargarik handiena dutenak. Espainiako Estatuan pobrezia-egoeran dauden eta merkatuko prezioetan alokatzen duten umedun familien artean, adibidez, hamarretik zazpik bizi dute egoera hori. Pobreziaren atalasearen gainetik kokatzen diren umedun familietan gutxiago dira etxebizitza kostuen gainkargaren jopuntuan daudenak, baina ez gutxi: hirutik bat. Lehen bezala, kasuistika horretan ere etxebizitza sozialak alokatzeak ez du gainkarga finantzarioaren arazoa saihesten: pobrezia-egoeran, etxebizitza merkatuko prezioen azpitik alokatzen duten eta haurrak ardurapean dituzten familien %35 etxebizitza-gastuen gainkarga-egoeran daude.

Errentaren araberako dezil apalenean adingabeak ardurapean dituzten familien %80k gainkarga ekonomikoa bizi dute etxebizitzaren kostuen ondorioz

Pobrezia eta bazterketa egoeren muturretara joan gabe ere, errentaren araberako dezil apalenean adingabeak ardurapean dituzten familien %80k gainkarga ekonomikoa bizi dute etxebizitzaren kostuen ondorioz. Txostenean ikus daitekeenez, laugarren dezileraino, %20k baino gehiagok beren diru-sarreren proportzio arriskutsuak bideratzen dituzte etxebizitzaren gastuetara. Bigarren dezilean %60 dira, eta hirugarrenean %30.

Save The Childrenen arabera, arreta berezia merezi dute pobrezia-egoeran dauden guraso bakarreko familiek, batez ere gurasoa emakumezkoa bada. Alokairuan dauden familia horietako gehienak etxebizitzaren gainkarga ekonomiko egoeran daude, eta 158.000 familia guztira Espainiako Estatuan. Batez beste, familia horiek hilean ahalko luketeena baino 200 euro gehiago bideratzen dituzte etxebizitza ordaintzera, diru-sarreren %30eko muga ezarrita eta hornidura-gastuak kontuan eduki gabe.

Diru-laguntzak estatu mailan

Aurreko ataletan deskribatutako bizitegi-kalteberatasunaren egoera gorabehera, etxebizitzarako laguntzen irismena oso txikia da Espainiako Estatuan. Pobrezia-egoeran dauden 1,6 milioi familiak dituzte adin txikiko seme-alabak, eta horietatik 310.000 inguruk atzerapenak izan dituzte etxebizitzaren ordainketan. Hala ere, 2020an, haurrak eta nerabeak ardurapean zituzten 25.000 familiak baino ez zuten etxebizitzarako prestazioa jaso.

Pobrezia-egoeran dauden 1,6 milioi familiak dituzte adin txikiko seme-alabak [...]. 2020an, haurrak eta nerabeak ardurapean zituzten 25.000 familiak baino ez zuten etxebizitzarako prestazioa jaso

EZ DAGO IRUZKINIK