AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/17 08:26

"Bertsolari gazteei plaza eskaintzea eta Gaztetxeen eta bertsoaren arteko harremana estutzea" ditu helburu nagusitzat Gaztetxeak Bertsotan ekimenak, eta zirkuitu indartsu batekin ekin dio bere bideari. Joan den asteburuan izan dira lehenengo bi saioak, ostiralean Itsasuko (Lapurdi) Goxoki Gaztetxean eta larunbatean Mutrikuko (Gipuzkoa) Gaztetxean. Giro ederra izan da bietan, eta jende ugari bertaratu da ikusminez.

Bikoteka aritu ziren bertsolariak. Itsasun, hain zuzen ere, ondoko bikoteek parte hartu zuten: Ander Sarriugarte eta Naroa Jaio, Izaro Bilbao eta Ixone Asategi, eta June Aiestaran eta Maddi Aiestaran. Mutrikun, honakoek jardun zuten kantuan: Aroa Arrizubieta eta Unax Aizpurua, Iraide Onaindia eta Maddi Agirre, eta Joanes Azpillaga eta Julene Iturbe. June eta Maddi Aiestaranek lortu zuten finalerdietarako txarteta Itsasun, eta Aroa Arrizubietak eta Unax Aizpuruak Mutrikun.

Asteburu honetan, Hernanin eta Altsasun

Hernaniko (Gipuzkoa) Kontrakantxa Gaztetxean eta Altsasuko (Nafarroa) Gaztetxean egingo dituzte hurrengo bi saioak, datorren asteburuan. Ostiralerako, 18:30ean jarri dute hitzordua Hernanin: lehenengo, Plaza Berritik abiatuta, herriko hamaika pasarte historiko gogoratuko dituzte bertsotan, eta 19:30ean ekingo diote Gaztetxeak Bertsotan-eko kanporaketari Kontrakantxan. Altsasun, berriz, larunbatean izango da hitzordua. 17:30ean hasiko da egitaraua: partxis eta pintxazo txapelketa egingo dituzte lehenengo, eta 21:30etik aurrera bertso-saioa. Bi Gaztetxeetan egongo da afaltzeko aukera.

Andoni Rekondo izango da gai-jartzailea Hernanin, eta bertsotan arituko diren bikoteak hurrengoak dira: Danel Etxeberria eta Janire Arrizabalaga, Ekhi Zuluaga eta Gorka Pagonabarraga, eta Enara Gallastegi eta Kattin Madariaga. Altsasun Nahia Miguelek egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta ondoko bertsolariek abestuko dute: Aitor Tatiegi eta Suhar Gesalaga, Elixabet Etxandi eta Eukene De los Aires, eta Haira Aizpurua eta Nahia Etxeberri.

Finalerdietako bat aurreratuta, Etxarri II Gaztetxearen desalojoa dela-eta

Antolatzaileek jakinarazi zuten aurrez noiz izango diren Gaztetxeak Bertsotan-eko finalerdiak: apirilaren 3rako eta 10erako zehaztu zituzten kanporaketak, Bilboko (Bizkaia) 7Katun eta Gasteizen (Araba). Hala ere, Bilboko saioa astebete aurreratzea erabaki dute azkenean, Errekalde auzoko Etxarri II Gaztetxearen desalojoa apirilaren 4rako baitago aginduta; finalerdiaren hurrengo egunerako. Beraz, apirilaren 3an egin beharrean, martxoaren 27an egingo dute 7Katuko kanporaketa.

EZ DAGO IRUZKINIK