AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/29 14:56

Aurten ere, gazteentzako Topagune Sozialista bilakatu dute Altsasu (Nafarroa); oroitzapen onez betetako lekua askorentzat. 2021ean bezala, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleakek (IA) bertan egingo dute urteroko Topagunea: hiru eguneko egitarau bat antolatu dute (ikusi hemen), igandera arte iraungo duena. Ohi bezala, hitzaldiak eta askotariko ikuskizunak eta ekintzak izango dira, baita faxismoaren eta gerraren kontrako manifestazio bat ere, larunbatean.

Gaur eguerdirako hasi da gazte andana Altsasura bertaratzen, kanpin-dendak eta abarrak hartuta. Duela hiru urte egin modura, Dantzalekuko igerilekuetan kanpatu dute, eta han ondoan dago Topagunean erabiliko den Gune Nagusia ere. Egitarauaren barruko askotariko ekimenak, baina, herriko hainbat tokitan banatuta izango dira.

Topagunea: eztabaidarako eta hausnarketarako espazioa

Arratsaldeko 17:00ak aldera eman diote hasiera Gazte Topagune Sozialistari, lehenengo hitzaldi sortarekin. Aurtengo egitarauan ere erdigunean daude hitzaldiak, despolitizazioak markatutako testuinguru batean, garrantzi berezia hartzen baitute ekimenean. Antolatzaileen esanetan, "kapitalismoari, gerrari eta austeritateari aurre egingo dion alternatiba sozialista indartzea" da Topagunearen helburuetako bat; eta, bide horretan, ezinbestekotzat jotzen dute eztabaida, hausnarketa eta formakuntza politikorako espazioak sortzea.

Gaur, lau hitzaldi egin dituzte aldi berean. Gune Nagusian izan da Euskal Herriko gazte- eta ikasle-mugimenduen historiari buruzko saio bat, eta euskal literaturarako "bide berriez" jardun dute Sutegian. Iortia Kulturgunean, berriz, bi hitzaldi izan dira: emakumeen laneko prekaritateaz, erreprodukzioaren merkatuaz eta sexu-industriaz aritu dira batean, eta Europako krisi ekonomikoaz bestean.

Hamaika gonbidatu

Hitzaldiak amaitu bezain pronto hasi da aisialdiko eskaintza Altsasun. 19:00etan ekin diete kontzertuei Sutegian: Haira, Sara Zozaya eta Mirua arituko dira iluntzean, baita Ander Iraizoz eta Gordon DJak ere.

Era berean, 21:30ean abiatuta, boxeo-belada bat izango da Gune Nagusian, eta bertan ere kontzertu bat eskainiko dute ondoren: Rebel Noise, The Clayton eta Mondongo DJak itxiko dute Topagunearen lehen eguna.

Bihar: solasaldi bat, txapelketak eta ikuskizunak

Bihar, indarrak hartu ostean, goizean goizetik egongo dira martxan Topagunean. 09:00etan ekingo diote futbito txapelketa sonatuari Zelandi kiroldegian (finala arratsaldeko 19:00etan jokatuko dute Burunda frontoian), eta ordubete beranduago hasiko da GEDAR LANGILE KAZETAren Belarrijana podcastaren grabaketa, Sutegian. Jarraian, 11:30ean, aktualitate politikoa lantzeko solasaldi bat egingo dute Gune Nagusian.

Arratsaldean ere ekintza ugari egongo dira: pilota ikuskizuna, Iagomagoren magia ikuskizuna, suhiltzaileen erakustaldia eta Jamaiketako! reggae saioa, hain zuzen ere. Gauean Hondamendia umore ikuskizuna eskainiko dute Asier K eta Antton Telleriak, eta musika emanaldiak ere prestatu dituzte ordurako: EƱaut Elorrieta, Desgaraian eta Ibil Bedik hartuko dute parte.

EZ DAGO IRUZKINIK