AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/23 12:58

Beste urte batez, hamaika auzi politikoren inguruan hausnartu ahal izateko hitzaldiak eskaini ditu Herri Unibertsitate nazionalak. Edizio honetan ere Leioako (Bizkaia) campusean elkartu dira ehunka ikasle, bi eguneko egitarau baten eskutik. Atzo goizean ekin zieten aurtengo Herri Unibertsitateko hitzaldiei.

Besteak beste, Ukrainako gerraz eta geopolitikaz, hezkuntza ereduaz, komunismoa gazte belaunaldietan izaten ari den hedapenaz, kultur gerraz, frankismoaz, marxismoaz eta feminismoaz, literaturaz, euskal alderdi nazionalisten hizkuntza politikez, klase borrokak Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduan eduki duen izaeraz edota botere sozialistaren egituraz egin ahal izan dute gogoeta Herri Unibertsitateko saioetara bertaratu direnek. Hizlari modura hartu dute parte edizio honetan, hala nola, Rafael Pochek, Mireia Bedmarrek, Nadia Perezek, Jose Luis VillacaƱasek, Saioa Galarragak, Andres Piquerasek, Aitor Bizkarrak, Uxue Alberdik, Garazi Navarrok, Naroa Aranburuk, Dani Askunzek eta Kolitza-k.

Unibertsitatean ere, askatasun politikoen defentsan

Leioako campuseko egitaraua biribiltzeko, gaur arratsaldean manifestazio bat egin dute ehunka lagunek unibertsitatean barrena, Unibertsitatean askatasun politikoak defendatu! lelopean. Manifestazioaren amaieran, antolatzaileek gogorarazi dute, "gizarteko gainontzeko sektoreetan bezala, antolakuntza politiko iraultzailea jazarria eta isildua" dela unibertsitatean. Beraz, beste urte batez "lan konprometitu eta desinteresatuaren bitartez" antolatu den Herri Unibertsitatearen balioa azpimarratu dute.

Herri Unibertsitateak, hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) edota Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) eredua "zalantzan jarri" duela azaldu dute. Are gehiago: "hamarkada batez, unibertsitate eredu burgesa jopuntuan jarri du Herri Unibertsitateak", gaurkoan nabarmendu dutenez.

"Desartikulatu nahian ari diren antolakuntza politikoaren bitartez, bai eta bizirik dagoen grin politikoari esker, beste behin ere agerian utzi dugu posible dela egungo unibertsitatearen logika merkantiletik haragoko ikasketa sistema bat pentsatzea, nahiz eta iritzi orokorrak kontrakoa esan", gaineratu dute: "Eta, posible baino gehiago, beharrezkoa dela uste dugu".

"Gizartearen aldaketa positiboa bultzatu baino, alegia, askatasun unibertsalaren alde egin ordez, gutxi batzuen interesen arabera jokatzen du egungo unibertsitate ereduak, eta hori bera borrokatzea dagokigu", aldarrikatu dute mobilizazioaren bukaeran. "Horretarako batu gara egun hauetan: ezagutza gaitasunak antolakuntzaren zerbitzura jartzeko, eta gizakia eta gizartearen behar integrala erdigunean izango dituen hezkuntza eredua eraikitzen hasteko", sakondu dute.

EHUk kanporatzeko arriskuan dauden ikasleak, gogoan

Gasteizko (Araba) campusean duela astebete izan zen mobilizazio bat, EHUk 34 ikasle grebalariri ireki nahi dizkien espediente akademikoen kontra. "Ehunka ikasle atera ginen kalera eta hala egin dugu gaur ere, militante komunistok antolakuntza politikorako ezinbesteko betebehar gisara ulertzen dugu-eta askatasun politikoen aldeko borroka", ohartarazi dute gaur.

"EHUk bere burua zuritzeko saiakeran dihardu, baina begi bistakoa nekez da ezkutatzen", salatu dute ikasleek: "Horrenbeste defendatu duen ustezko adierazpen askatasuna ez da, termino burokratikoetan, manifestazioak edo grebak EHUren legedian onartuta egotea. Gure eskakizunak exijitzeko eta borrokatzeko ditugun moldeak errespetatzea da".

Hala, berriz egin diote azpimarra espediente horiek atzera botatzeko borrokaren garrantziari. "Askatasun politikoak bermatzen dituen unibertsitatearen alde egingo dugu; poliziak lekurik ez duena; kontrol sozialik eta kameren eta seguraten presentzia itogarririk ez dagoena", azaldu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK