AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/03 18:57

Mugimendu Sozialistak gune berri bat ireki du Baionan (Lapurdi), Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak atzo goizean jakinarazi zuenez. "Jarduera politiko, sozial eta kulturalei" lehenbailehen ekin nahi diete bertako kideek, eta atzo arratsaldeko aurkezpen-saioaren ondoren, datozen egunetan izango diren ekimenen berri eman dute jada.

Gaur, bihar, larunbatean nahiz igandean auzolanak egingo dituzte goizeko 10:00etan hasita, espazioa egokitzeko. Horrez gain, askotariko eskaintza prestatu dute dagoeneko: gaur yoga tailerra eskainiko dute 17:00etan eta "Zentro Sozialisten eta estrategia politikoaren" inguruko hitzaldia jarraian; eta bihar, berriz, Palestinaren aldeko banderolak egingo dituzte 17:00etan, Biharraren Hegietan poesia-errezitaldia 19:00etan eta Ibantutaren kontzertua 20:00etan.

Larunbaterako ere egun osoko egitaraua antolatu dute gunean: osasun mentalari eta "psikologia hegemonikoari" buruzko hitzaldi bat, sukaldaritza tailerra, bazkari kurdoa eta umore-bakarrizketak eskainiko dituzte. Iluntzeko 20:00etan asanblada informatibo bat egingo dute; eta jarraian rap-saio bat, mikro irekia eta III eta Txaptraxen musika-emanaldiak izango dira.

Hurrengo egunean, igandez, "arte iraultzailea" ezaugarritzen saiatzeko hitzaldi bat egingo dute goizeko 11:00etan, eta pintxoez eta arte-erakusketaz gozatzeko aukera egongo da eguerdian. Arratsalderako, Arpentage saio bat eta Kneecap filmaren emanaldia antolatu dituzte.

EZ DAGO IRUZKINIK