Azken egunetan, hezkuntzarako baliabide gehiago eskatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte Frantziako Estatuko lizeoetan, eta gaur protesta horietara batu dira Ipar Euskal Herriko ikasleak. Goizean goiz ekin diete mobilizazioei Ipar Euskal Herriko hainbat lizeoetako ikasleek, "ikas eta bizi baldintzak gero eta okerragoak" direla salatzeko. Besteak beste, "ordutegi geroz eta kargatuagoak, ratio jasanezinak eta irakasle falta" salatu dituzte.
Baionako Cassin, Etxepare, Paul Bert, Louis-de-Foix eta Cantau lizeoetakoak, Miarritzeko ostalaritza lizeokoak eta Hendaiako Aizpurdikoak batu dira mobilizazioetara. Goizean, Baionako Paul Bert lizeoaren aurrean zeuden ikasleen kontra kargatu du Poliziak, negar-gasa erabilita. Dena den, protestei eutsi diete ikasleek, eta 10:30ean hasita mobilizazioa egin dute Baionako Xaho plazan. Ipar Euskal Herriko hainbat lizeotako ehunka ikasle batu da han, eta manifestazioa egin dute Baionako kaleetan barrena, gaur egungo hezkuntza sistemaren aurka eta ikasleen eskubideen alde.
Egunotan milaka izan dira heziguneak hustu eta kaleak hartu dituzten ikasleak, eta Polizia oso bortitz oldartu da haien aurka. Ehunka ikasle atxilotu dituzte protestetan, eta beste hainbeste zauritu dituzte. Gaur bertan, gutxienez lau ikasle atxilotu dituzte Baionan. Uneotan, atxilotuta jarraitzen dute.
Halaber, Baionako Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) adierazi duenez, ikasle ugari zauritu ditu Poliziak, eta horietako hainbatek larrialdietara joan behar izan dute. Atxilotuen berehalako askatasuna exijitu du IASk, eta mobilizatzen jarraitzeko deia egin du: "Jarrai dezagun ikasle langileon interesen alde mobilizatzen eta borrokatzen. Borroka da bide bakarra".