Iragan asteburuak ere zenbaki beltzak utzi ditu Euskal Herrian; gutxienez, bost emakumeri egin diete eraso. Gasteizen (Araba) izan dira erasoetako hiru, eta beste biak, Iruñean (Nafarroa).
Batetik, ostiralean, urtarrilak 10, 51 urteko gizonezko batek eraso egin zion bikotekideari, Gasteizko San Martin auzoko etxebizitza batean. Udaltzainei hots egin zien emakumeak, eta erasotzailea atxilotu zuten. Bestalde, hiriburu berean, 18 urteko emakume bati eraso egin zion 22 urteko bikotekideak. EITB-ren arabera, bikotearen "eztabaida" baten barruan jazo zen erasoa.
Iruñean ere, bikotekideari egin zion eraso gizonezko batek, Alde Zaharreko taberna bateko terraza batean. "Jende ugariren" aurrean kolpatu zuen emakumea erasotzaileak. Gainera, gaur, hilak 13, gizonezko bat atxilotu dute Nafarroako hiriburuan: bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua urratu du.
Etenik ez
Gasteizen beste eraso bat ere gertatu da asteburuan; hain zuzen, igande goizaldean. Gizonezko bat, aurretik, harremanetan jarri zen emakume batekin, diru truke sexu-harremanak izateko. Hala, Zabalgana auzoko etxebizitza batean elkartu ziren, eta gero emakumeak zenbatekoa ordaintzeko esan zionean, eraso egin zion gizonak: gela batera mugitu, kolpatu eta lepotik heldu zuen. Ihes egitea lortu zuen erasotuak.