AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / 20 Minutos
2023/03/29 08:43

Frantziako Gobernuak erretretaren erreforma dekretuz inposatu eta ia bi astera, aurrera doaz neurri berrien kontrako protestak. Erreformaren kontrako greba orokorra izan zen atzo ere, hamargarrena urtea hasi zenetik. Ehunka milaka lagunek hartu zuten kalea berriz; besteak beste, Parisen, Lyonen, Rennesen, Nantesen, Nizan eta Saint Nazairen. Baionan (Lapurdi) ere milaka pertsona mobilizatu ziren.

Gobernuaren iturrien arabera 740.000 lagun irten ziren kalera atzo; sindikatuen arabera, gutxienez 2 milioi izan ziren. Autoritateek estatu osoan zehar mobilizatu zituzten polizia-indarrak ere milaka izan ziren: 13.000 polizia-agente, zenbaketa ofizialek diotenez.

Parisen, manifestaziotik kanpo, gutxienez 10.000 kontrol egin zituzten poliziek. Lyonen mobilizazioan zeudenen kontra jo eta manifestazioa sakabanatu zuten, negarra eragiteko gasa eta ur-kanoiak erabilita.

Bilera sindikatuekin, eta beste greba egun bat

Frantziako Gobernuak, orain arte, uko egin dio sindikatuekin biltzeari. Estatuko lehen ministro Elisabeth Bornek, baina, berriki deitu ditu bilera batera. Dirudienez, hurrengo astearen hasieran elkartuko dira.

Momentuz, dena den, sindikatu nagusiek beste greba egun bat iragarri dute hurrengo asterako; apirilaren 6rako, hain justu.

EZ DAGO IRUZKINIK