Gose greba hasi du Asier Guridi errefuxiatu politikoak

Bere egoera eta semearena erregularizatzea eskatzeko, Guridik gose greba mugagabeari ekin dio gaur Caracasen (Venezuela), Espainiako Kontsulatuaren aurrean. 2013tik daude biak herrigabe egoeran, eta iaz pasaportea ukatu zion Espainiako Kontsulatuak. 2001an egin zuen ihes, Espainiako Estatuaren jazarpen politikoaren ondorioz.
Argazki Nagusia
Asier Guridi Zaloña, gaur, Caracasen (Venezuela).
2021eko abenduaren 3a

Gose greba mugagabea hasi du Asier Guridi Zaloña iheslari politikoak, Caracasen (Venezuela), Espainiako Kontsulatu Nagusiaren aurrean. Bere egoera eta hamahiru urteko semearena erregularizatzeko eskatuko du horrela. Izan ere, Espainiako Estatuak ukatu egin zion pasaportea iaz, eta ondorioz, herrigabe egoeran aurkitzen dira biak. 2001ean egin behar izan zuen ihes Guridik, jazarpen politikoaren ondorioz, eta Venezuelan bizi da 2005etik.


Haren semea Oñatira (Gipuzkoa) etorri zen duela bi urte, aitona-amonengana. "Bere aitona-amonen herrian immigrante irregulartzat hartzen dute, horrek esan nahi duen guztiarekin: gizartetik baztertuta bizitzea, eskubiderik eta identitaterik gabe", azaldu du errefuxiatu politikoak gose greban hasiko dela jakinarazteko bideoan.


Egoera hori aldatzeko eta erregularizazioa lortzeko hasi du borrokaldia, "herritar, lagun eta talde ezberdinen babesa eta laguntza" eskatzearekin batera.


Preso aurrena, iheslari 2001etik

Guardia Zibilak 1992an atxilotu zuen Guridi Oñatin (Gipuzkoa), eta torturatu egin zuten Antiguoko (Donostia, Gipuzkoa) kuartelean. Hainbat sabotaje ekintzatan parte hartzea leporatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta bost urtez eduki zuten preso. Hainbatetan jipoitu zuten kartzelan. 1997an irten zen aske, baldintzapean. Orduan ere Guardia Zibilak etengabe zelatatzen zuela salatu izan du Guridik.

Hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina helegitea aurkeztu zuen oñatiarrak. Prozesu horien zain zegoela erabaki zuen Guridik erbestera alde egitea, 2001ean, besteak beste, jasaten ari zen jazarpena eta Euskal Herrian bizitzen ari zen egoera politikoa zirela-eta.

2013tik, herrigabe egoeran

2005etik bizi izan da Venezuelan, hasieran, mototaxista eta taxilari lanetan. 2008an jaio zen haren semea. 2013an, ordea, Interpolek atxilotu zuen han, eta bi hilabete kartzelan eman ondoren, "nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe" utzi zuten kalean, gaur zabaldutako agirian azaldu duenez. Urteak egin dituzte biek "linbo egoeran", eta iaz, pasaportea ukatu zion Guridiri Espainiako Estatuak.

"Venezuelako Gobernu Bolibariarrak ere baditu egoera hau konpontzeko tresnak", azaldu du Guridik: "Bai asilo eskubidea emanez, bai errefuxiatu izaera onartuz, eta bai hemen hainbeste urte daramatzan venezuelar jatorriko haur baten aita izatearren, ohiko nortasun agiri arrunta eginez".


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik