AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Guggenheim
2023/09/20 13:02

Guggenheim ez. Urdaibairen suntsipena eta langileon pobretzea borrokatu dinamika jarri dute martxan Busturialdean, aurrera baitoa Urdaibain Guggenheim bat eraikitzeko proiektua. "Makroproiektu horrek eskualdean ekarriko dituen ondorioak seinalatzeko eta horri aurre egiteko antolatzeko" abiatu dute dinamika berria Bizkaiko eskualdean.

"Aberastasuna eta lana ekartzera datorren proiektu bat dela zabaldu dute instituzioetatik. Baina, nori ekarriko dio aberastasuna? Norengan ekarriko ditu onurak eta norengan kalteak?", galdegin dute Guggenheim ez dinamikako kideek. Salatu dute "interes enpresarialei erantzuten dien proiektu bat" dela: "Gizarte kapitalistan, gutxi batzuen etekin ekonomikora bideratzen da guztia, gainerako guztion kontura. Kapitalismoa krisi egoeran dago, eta gure zonaldeetan turismo eta zerbitzu sektorean inbertitzea da enpresariek beraien diru gosea asetzeko erabiltzen ari diren estrategia".

Askotariko ondorioak

Urdaibaiko Guggenheimek Busturialdean izango dituen hainbat ondorio konkretu identifikatu dituzte Guggenheim ez-eko kideek; ingurugiroarekin, lan-baldintzekin, etxebizitzarekin, eta kulturarekin eta aisialdiarekin lotuta, hain zuzen ere.

Batetik, ingurugiroaren suntsipenari dagokionez, azaldu dute Guggenheim proiektuak "eragin oso kaltegarria" izango duela "Urdaibai Biosfera Erreserban bizi diren animalia eta landare espezie babestuen artean". "Makroproiektu horren inpaktu ekologikoa oso larria izango da, baina badirudi ez dela oztopo bat izango", gaitzetsi dute: "Irabazi kapitalistak handitzeko helburuz, enpresariek mugarik gabe ustiatzen dute natura mundu mailan. Eta hau ere horren beste adibide gogor bat da".

Lan-baldintza prekarioen gorakada ere azpimarratu dute proiektuaren ondorioen artean. "Busturialdeko langile klasearen ezegonkortasun egoera konpondu beharrean, horretan sakonduko du", ohartarazi dute: "Makroproiektu horrekin sortuko diren lanpostuak oso irregularrak izango dira. Aldi baterako lanaldiak eta soldata baxu eta baldintza kaskarretan oinarrituak". Gogoan izan dute, gainera, "ohikoa" dela sektore horietan aritzen diren beharginak "beraien eskubideak borrokatzeko tresnarik gabe aurkitzea". Eta horrek guztiak gazteei bereziki eragingo dielakoan dago Guggenheim ez: "Gazteria da, bere egoera ekonomiko, sozial zein fisikoaren ondorioz, lan mota horietara gehien bideratzen dena".

Bestalde, Guggenheim makroproiektuak eskualdean etxebizitza garestitzea ere eragin dezakeela nabarmendu dute dinamikako kideek. "Finantza agente espekulatzaileen eta jabedun txikien partetik etxebizitzarekin dirua ateratzeko joera handitu" egingo delakoan daude, eta uste dute areagotu egingo dela "turismoarekin negozioa egitera bideratutako etxebizitza". "Horrek guztiak ondorio zuzenak izango ditu, etxebizitzak erosteko prezioak asko igoko direlako eta bereziki alokairua ordaintzea langile klasearentzat jasangaitza bihurtuko delako", gaineratu dute: "Aurreko guztiarekin lotuta, orokorrean, oinarrizko ondasun eta zerbitzuei lotutako prezioen gorakada eta hornitze falta bat gertatzea ere aurreikus daiteke".

Eta, azkenik, kezka agertu dute Guggenheim proiektuak kulturan eta aisialdian izan dezakeen eragina dela-eta, elitizazio bat ekar dezakeela iritzi baitiote. "Zer kultura eta arte sustatuko ditu proiektu horrek? Zertarako kultura eta norentzako kultura?", galdegin dute. "Arte ekoizpenaren jabetza gutxi batzuen eskuetan dago, eta artea eraldaketa sozialerako tresna izan beharrean, etekin pribatura bideratzen da. Kasu honetan, gainera, Gernika kontzeptuaz aprobetxatuko dira beraien intereserako, memoriaren merkantilizazio bat bultzatuz", mahaigaineratu dute. Aurreikusi dute, bestalde, "denbora libreaz gozatzeko aukera geroz eta gehiago" egongo dela "gaitasun ekonomikoen menpe": "Turistak ordaintzeko prest dauden diru kopuruak zehaztuko du produktuen eta zerbitzuen prezioa, eta langile klasea aisialdi espazio horietatik kanpo geldituko da".

Erakunde publikoen jarrera, eta borrokarako erronkak

Hori guztia gogoan izanda, "instituzio publikoen izaera kapitalista seinalatu eta horren parte diren guztien jarrera salatu" du Guggenheim ez-ek. "Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, udalek... gure poltsikoetatik ateratako dirua zertara bideratzen dute? Gu pobretzen gaituen eta ingurugiroa suntsitzen duten proiektuetara", adierazi du. Gogorarazi du "alderdi politiko instituzional bakar batek ere ez duela Guggenheim proiektuaren aurkako posizionamendu irmo bat hartu", eta "interes elektoralen arabera gure beharrekin eta interesekin jokatzen" ari direla denak. "Ez duzue gurekin jokatuko, eta argi dugu instituzioetatik kanpo antolatu behar garela enpresarien agindupean aurrera eramango diren negozio-proiektu guztiei aurre egin nahi badiegu", ondorioztatu dute dinamikako kideek.

Lanerako eta borrokarako erronkei erreparatuta, azpimarra egin diote "lan- eta bizi-baldintzen aldeko borroka antolatzearen behar gero eta larriagoari", eta "bizi dugun babesgabetasun egoerari aurre egiteko langileok tresna propioak sortzeko" premiari. "Lan-jazarpenen aurkako defentsa antolatzea, etxe kaleratzeei aurre egiteko gaitasunak handitzea eta interes pribatuetatik kanpoko aisialdia antolatzea" aipatu dituzte zeregin zehatzen artean.

Eta ingurugiroaren defentsari dagokionez, Guggenheim ez-ek xehatu du "ingurugiroa defendatzeko ezinbestekoa" dela "gaurdanik kapitalismoaren aurkako borroka aktibatzea". "Ezin diogu ingurugiroaren gaiari isolatuta erantzun, eta ekoizpena merkatuaren agintetik at antolatzera bidean eta ingurugiroarekin harreman orekatua ahalbidetuko duen gizartea eraikitzeko norabidean jarri behar gara; ekoizten dugun guztiaren gaineko kontrola interes berekoi eta pribatuen baitakoa izan beharrean, interes sozial orokorren arabera antolatuz", aldarrikatu du.

Busturialdeko dinamika berritik, beraz, dei egin dute "horrekin bat egiten duen pertsona orok dinamikari bere ekarpena egin" diezaion eta aurrerantzean izango diren asanbladetan parte har dezan.

EZ DAGO IRUZKINIK