Atzoko greba orokorraren inguruko balorazio politikoa argitaratu du gaur Gazte Koordinadora Sozialistak, adierazpen bidez. Gogora ekarri du, "krisialdi eta proletarizazio testuinguruan" eta "langile klasearen antolakuntza independentearen beharrari" azpimarra jarriz batu zela greba deialdira, "greba egiteko sobera arrazoi daudela" iritzita.
"Proletalgoak greba egiteko eta borrokatzeko baldintzak" izan zitzan "aletxo bat jartzen saiatu" direla diote GKSko kideek, "izan piketeetan parte hartuz", "mobilizazio lokaletan proletalgoaren programa independentearen beharra aldarrikatuz", edota "manifestazioetan klase independentzia aldarrikatzen zuten blokeetan gure presentzia bermatuz". Bloke horien balorazio "oso positiboa" egin du koordinadorak: "Argi geratu baita gero eta jende gehiagok eta espazio zabalago batek bere egiten duela langileon independentzia politikoaren bidez ekiteko beharra".
Atzoko grebari egotzitako helburuen artean, "proletalgoaren independentzia politikoa mahaigaineratzea eta proletalgoak greba egiteko baldintzak ziurtatzea" nabarmendu ditu GKSk. "Norabide horretan, ekarpen xumea egitea lortu" dutela uste dute kideek, "sakondu beharreko elementuak" egon badaudela gogorarazi arren. Gako horien artean, "langileria osoarentzat bideragarriak eta eraginkorrak izango diren mobilizazio formak garatzea" aipatu dute.
HAUSNARKETARAKO ELEMENTUAK
Atzoko egunak "hausnarketarako zenbait elementu" ireki dituela azaldu dute GKSko kideek. Batetik, egunaren "antolakuntza ofizialak", prestaketa "prozesua langileriaren parte hartzerik gabe gauzatu" duela ohartarazi dute: "Gehienetan, sindikatu, alderdi politiko, burokrata eta liberatuen kontrol zurrunaren bitartez osatu dira greba komiteak". Horren "froga" modura, gogor salatu dituzte Donostiako (Gipuzkoa) eta Iruñeko (Nafarroa) mobilizazioetan "deialdi ofizialaren eta langile batasuna aldarrikatzen zuten blokeen artean burokratek osatutako lerroak". "Kontrolatzen ez dutena bereizteko" saiakera gisa ulertu dute hori GKSkoek.
Antolaketa "marko ofizialetatik gauzatutako ekimenek, orobat, borroka bera borrokaren antzezpen batekin ordezkatzeko norabidea hartu" izana ere deitoratu du koordinadorak. "Ekoizpena eteteari garrantzia eman beharrean, zentralitatea manifestazioei eman" izana jarri dute adibide modura: "Borroka ereduaren inguruko eztabaida eraginkortasunaren arabera neurtu beharko litzakeela uste dugu, proletalgoari greba egiteko ematen dioten ekintzak lehenetsiz". Hala, GKSk funtsezkotzat jo du "grebarako erraztasuna duten sektoreek, langile batasunaren bidez, sektore proletarizatuen greba eskubidea bermatzeko ardura" beren gain hartzea: "Auzi hau benetako greba orokorra garatzeko lehentasunezko helburua da".
GIDARITZA
Bestalde, "ustezko Ongizate Estatuaren aldarrikapena gainditzeko beharra" azpimarratu dute GKSko kideek, "langile klase osoaren programa politikoa - Euskal Estatu Sozialista - estrategiko bilakatzeko", eta "erdi mailako klasea ordezkatzen duten zenbait alderdi zein sindikatuk agenda markatzeko duten beharrari" gainjartzeko. "Erreformen aldeko borroka oro estrategia iraultzailearen baitan txertatuta joan behar dela ulertzen dugu", gehitu dute.
"Greba langile klase osoaren tresna bezala erabiltzeko apustua" berretsi du Gazte Koordinadora Sozialistak, baita "greba proletalgoaren gidaritzapean kokatzeko apustua" ere, "langile ororen baldintza ekonomiko eta politikoak eskuratzeko tresna eraginkor modura ulertuta". "Bidelagun izango gaituzte norabide horretan lan egiteko prest dauden guztiek".