Patxi Ruiz preso politikoak eutsi egiten dio Iruñeko (Nafarroa) kartzelako osasun-arreta negargarria salatzeko borrokari. Azken gertakari ikaragarriak ikusita, preso zegoen andre batek bizia galdu baitu gaitz batek jota, beste borrokaldi bati ekin dio Ruizek: gose greba bat hasi du gaur, abenduaren 9an, Nafarroako presondegiko mediku falta salatzeko.
Nafarroako Salhaketak aurreko ostiralean jakinarazi zuenez, joan den azaroaren 30ean, Iruñean preso zegoen pertsona bat hil zen gaixorik. Kolektiboak azaldu zuen oraindik ez dela informazio ofizialik eman argitara, baina ulertzera eman dutela birikako gaitzen batek jota galdu zuela bizia pertsona nagusi batek, espetxean presoek jasaten duten mediku faltaren testuinguruan. Asteburuetan, esaterako, mediku bat bera ere ez da egoten kartzelan, eta "prestakuntza espezifikorik ez duten funtzionarioak dira erizaintzako modulura bideratzea edo medikuari espetxera joateko eskakizuna baloratzen dutenak", Salhaketaren esanetan.
Ruizek, hain zuzen ere, hil berri den pertsona izan zuen gogoan atzo zabaldutako mezuan: "Jakitera ematen dut bihar, abenduak 9, gose greba bati ekingo diodala protesta eta salaketa gisa, espetxe honetan pairatzen dugun mediku arreta faltagatik, zeinak, oraingoan, emakumeen moduluan zegoen Begoña izeneko adineko emakumearen heriotza eragin duen".
Aurtengo urrian, preso politiko txantrearrak ebakiak egin zituen besoan, arreta mediko falta salatzeko; irailaren 22an, 24 orduko baraualdi bat egin zuen elikadura-arreta berezia behar duten presoen egoeraren kontra; eta otsailaren 7an ere egun oso batez egon zen baraurik, kartzelako osasun-arreta gaitzesteko.