AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/21 11:19

Iazko urrian ekin zion gose grebari Alfredo Cospito preso politiko anarkistak, Italian ezartzen den 41-bis erregimen bereziaren kontrako borrokan. Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio Cospitori: "legez kontrakotzat" jo du Zigor Kodearen 69. artikuluaren zati bat. Zati horrek, hain zuzen, debekatu egiten die epaileei, biziarteko espetxe-zigor bat izan daitekeenean, aringarri ebentualak izan daitezkeenak kontuan hartzea.

Hortaz, preso politikoaren kontrako kondena berrikusteko bidea ireki du auzitegiak, eta horren eskutik erabaki du Cospitok gose greba amaitutzat ematea. Sei hilabetez izan da baraualdian.

Sei hilabeteko borroka

2022ko maiatzetik daukate 41-bis isolamendu-erregimenean, "talde anarkisten ekintzak eta protestak gidatzeko ahalmena duela" argudiatuta. Joan den otsailean, Cospitok hiru hilabetetik gora zeramatzanean gose greban, Kasazio Auzitegiak uko egin zion presoa isolamendutik ateratzeari. Isolamenduan mantentzeko eman dituzten arrazoietako batzuk izan dira bere balio anarkistei uko ez egitea eta kideekin kontaktua mantentzea. Kaleetan sortzen ari ziren elkartasuna eta protestak ikustean, presoa difamatzen ere saiatu ziren: mafiarekin lotu nahi izan dute, haientzat lan egiten duela ulertzera emanda.

"Italiako Estatuaren helburua bada ni kanpoko anarkisten ekintzetatik nolabait 'bereiztea', anarkista ona naizen aldetik, nik ez dut mandaturik onartzen. Uste dut bakoitza bere ekintzen arduraduna dela, eta autoantolaketa-korronteko kide naizenez, ez nago inorekin lotuta eta, beraz, ezin naiz inorengandik banandu. Kidetasuna beste kontu bat da. Anarkista koherente bat ez da beste anarkistengandik urruntzen oportunismoagatik edo komenentziagatik", adierazi zuen Cospitok, bere abokatuak martxoaren 1ean argitaraturiko gutun batean. "Nik harrotasunez aldarrikatu izan ditut beti nire ekintzak (baita epaitegietan ere, horregatik nago hemen), eta ez ditut inoiz beste kide batzuenak kritikatu", gaineratu zuen.

Anarkistari bederatzi urte eta bost hilabeteko espetxe-zigor bat jarri zioten, 2012an enpresaburu bati hanketara tiro egiteagatik. Beste hogei urteko zigor bat ere ezarri zioten, 2006an Fossanoko Karabineroen ofizial eskola batean bi bonba-pakete jartzeagatik. 2014an kartzelaratu zuten.

2022an, ordea, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen ez zitzaiola "sarraski arrunta" egotzi behar, "sarraski politikoa" baizik. Biziarteko kartzela-zigorra jartzeko ateak irekitzen zituen horrek, eta isolamendu-erregimenean sartu zuten.

Tortura-erregimena

41-bis erregimena ezartzen dietenei, egunean bi orduz baino ez diete uzten aire librean egoten. Ia erabat debekatuta daukate kanpo-kontaktua izatea (hilabetean bisita bat baino ezin dute izan, beira handi batek bereizita beti, eta ezin dute idatzizko harremanik izan), eta konfiskatze sistematikoak egiten dizkiete.

Italiako Estatuak 1992. urtetik ezartzen du 41-bis erregimena, mafiak Giovanni Falcone eta Paolo Borsellino epaileen aurkako atentatuak gauzatu ondoren. Teorian, mafiako buruzagiak eta "terrorismo" delituengatik zigortzen dituztenak sartzen dituzte erregimen horretan. Italiako 750 preso inguruk jasaten dituzte isolamendu- eta tortura-baldintza horiek.

EZ DAGO IRUZKINIK