Joan den urriaren 30ean gose eta komunikazio greba bukatutzat eman ondoren, Iñaki Bilbao Txikito preso politikoak berriz ekingo dio borrokaldiari; oraingoa, gose eta egarri greba mugagabea izango da, eta komunikazioa "ahal duen heinean" mantenduko du. Hala adierazi du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, Bilbaorekin harremanetan egon ondoren.
AAEAMk telefonozko komunikazio labur bat izan du preso politikoarekin, eta honek azpimarratu du, "berarekiko elkartasuna" baino, "Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko eman behar diren urratsak" direla garrantzitsuenak. "Ahul" dagoela, baina "burua argi" duela eta "determinazio osoz" dagoela adierazi dute bere ingurukoek.
Irailaren 9an hasi zuen Iñaki Bilbaok gose eta komunikazio greba mugagabea, "Euskal Herria independente, sozialista, batua eta euskalduna" aldarrikatzeko xedez. Azaroaren 29an, 50 egunen ostean, Txikitok bukatutzat eman zuen greba. Salatu zuenez, ospitalean sueroarekin eta zunda bati konektatuta eduki zuten, bere nahiaren kontra, "borroka eten zezan".
Elkartasun keinuak
Bilbaok irailean borrokaldia hasi zuenetik, hainbat ekimen egin dira presoarekiko elkartasunez, espetxeetan nahiz kalean. Esaterako, Mikel Sansebastian, Saioa Sanchez, Patxi Ruiz, Jon Kepa Preciado, Oskar Barreras eta Dani Pastor preso politikoek elkartasun dinamika bat abiatu zuten kartzelan, hainbat baraualdi eta protestarekin.
Kalean ere mobilizazio eta ekimenak izan dira Euskal Herriko leku ezberdinetan, baita azken asteburuan ere. Izan ere, Bilbaok gose eta komunikazio greba utzi bazuen ere, asteburuko mobilizazioak mantendu egin dira; adibidez, urriaren 31n, larunbata, manifestazio nazionala egin zuten Bilbon (Bizkaia) euskal preso politikoari elkartasuna adierazteko.