Urola Kostako eta Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistaren taldeek heldu diete jada tokiko ibilbideari eta jendaurreko lehenengo ekimenei: jardunaldiak prestatu dituzte datozen asteetarako. Batetik, aurkezpen jardunaldiak egingo dituzte Zarautzen (Gipuzkoa) eta Zumaian (Gipuzkoa), eta bestetik, jardunaldi politikoak izango dira Azpeitian (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa) eta Zestoan (Gipuzkoa). Urriaren 24tik azaroaren 7ra arte izango dira Urola Kostako aurkezpen jardunaldiak, eta Urola Erdiko jardunaldi politikoak, aldiz, urriaren 30etik azaroaren 20ra arte.
KOSTAN, ASTE HONETATIK AURRERA
Larunbat honetan, hilak 24, emango diote hasiera Urola Kostako egitarauari, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, 19:00etan. Gazte problematikaz eta antolakuntzaren beharraz hitzaldia izango da ordu horretan, abiapuntua izanik "azken hilabeteotan sortutako egoera berrian, bizi-ohituretan izaten ari diren aldaketen gaineko irakurketa politikoa".
Gazte problematikaren gainean duten ikuskera azalduko dute hitzaldian GKSko kideek: "Gazteon bizi-eredua eta ezaugarritzea aztertzeko, gizartearen dinamika orokorra eta gazteriak bertan betetzen dituen funtzioak aztertu behar ditugu", diote.
Zumaian, bestetik, azaroaren 7an egingo dute Urola Kostako GKSren aurreneko ekimena. Han ere 19:00etan izango da hitzaldi nagusia, Torreberri gaztetxean, Gazte kriminalizazioa eta kontrol neurriak izenpean. GKSko kideek azpimarratu dute, COVID-19aren testuinguruan, "sakondu" egin direla "gazteriaren inguruko irudi negatiboa" nahiz "kontrol neurriak". "Iruditegi horrek izan ditzakeen ondorioak", "kontrolaren izaera politikoa" eta "askatasunen eta eskubideen murrizketa" aztertuko dituzte saioan.
"Kontzertuez gozatzeko eta harremanak sendotzeko" aukera ere izango da aurkezpen jardunaldietan. Hilaren 24an Rodeo taldeak eskainiko du kontzertua Zarautzen, eta azaroaren 7an, Igitaia ariko da Zumaian.
UROLA ERDIAN, HITZORDUA HURRENGO ASTEAN
Urola Erdian hurrengo astean hasiko dira jardunaldi politikoak. Hilaren 30ean izango da aurreneko hitzordua, Azpeitiako Gaztetxean: Antolakuntzaren beharra krisi testuinguruan hitzaldia eskainiko dute 18:30etik aurrera. Azkoitiko Matadeixen izango da hurrengo geralekua, hain zuzen, azaroaren 5ean. Egun horretan, 18:30ean hasita, Kontrolaren zentzu politikoaz jardungo dute.
Azkenik, azaroaren 20an Zestoako liburutegi azpiko lokalean elkartuko dira gazteak, 18:30ean. Estatu burgesa eta errepresio indarrak hitzaldia izango da lehenengo, eta gero, egitaraua borobiltzeko, Rodeo eta Ukabil taldeek emango dituzte kontzertuak, Zestoako Gaztetxean.
Urola Erdiko GKSko kideen esanetan, "egungo testuinguruaren gaineko irakurketa politiko sozialista plazaratzea" izango dute helburu jardunaldiotan, baita "zenbait gairen inguruko hausnarketa politikoa ematea" eta "eskualdeko jendearekin harremana egitea" ere.
Datozen asteetan landuko dituzten auzi zehatzei dagokienez, aurrerapen bezala, azaldu dute "krisi kapitalistaren baitan eta pandemiaren aitzakiapean areagotu egin dela askatasun eza". Horren adierazle modura aipatu dituzte, besteak beste: "oinarrizko zenbait eskubideren urraketa etengabea" (esaterako, "biltzeko" edo orokorrean "jardun politikoa gauzatzeko" askatasuna), "kontrol sozialaren handitzea" (adibidez, teknologiaren garapena, "indar polizialek kaleak hartu izana" edo "kolaborazioa indar errepresiboekin") eta, hirugarrenik, "gazteenganako kriminalizazioa".
"Lehenengo eginbeharra", hain zuzen, "gero eta maiztasun handiagoz errepikatzen diren askatasunen urraketa horiek problematizatzea" izanik, bide horretan urrats bat egingo dute jardunaldi politikoen bidez.