Iragan igandean, ekainak 23, Arrigorriagako (Bizkaia) Jose Miguel Beñaran Ordeñana Gune Sozialistan Gazte Koordinadora Sozialistak antolatutako "lan eguna" egin zuten. Frontoiko eremuan GKSrentzat biltegi bat egokitzea izan zen helburua. Horretaz gain, beste zenbait azpiegitura lan ere egin zituzten.
GKSk GEDAR LANGILE KAZETAri jakinarazi dionez, igandekoa ez da izan Arrigorriagako Gune Sozialista egokitzeko antolatu duten lehen lan eguna: "Aurreko hilabeteetan ere egin ditugu beste hainbat lan egun espazio honetan, eta igandean bezala, Euskal Herriko hainbat txokotako militanteak izan dira lanean". GKSko kideek "oso modu positiboan" baloratu dituzte, iragan igandean zein orain arte egindako lanak. Hala, etorkizun hurbilean ere bertan lan egun gehiago antolatzeko asmoa dutela jakinarazi dute: "Modu jarraituan egingo ditugu biltegia eta gainontzeko eremuak egokitzeko lanak".