AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gipuzkoako zahar etxeetako langileen bilera bat. Argazkia: ELA
2021/09/20 19:24

Denbora luzez egin dute borroka Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. Osotara 250 egun bete dituzte greban; azken lanuztea ekainaren 14an egin zuten. Pandemiak grebaldia oztopatu duen arren —243. greba egunean harrapatu zituen—, borrokari eutsi diote langileek.

Irailaren 23rako zein 24rako deitu dute grebara, lan-hitzarmen berri baten alde. Hainbat dira eskariak, besteak beste, langile kopurua handitzea, lan-karga txikitzea, soldata-arrakala borrokatzea, egutegien formalizazioa eta oporretarako eskubidea bermatzea, edota lanpostuak egonkortzea.

Egoera "jasanezina" dela diote egoitzetako langileek, eta hori "pribatizazioaren, prekarizazioaren eta sektore feminizatuen aitortza sozial eta ekonomiko ezaren" ondorio dela azpimarratu dute.

Bestalde, egoiliarrek ere salatu dute sektoreko egoera, "gehiegizko lan-kargak" nagusitu direlako eta, pandemian bultzatutako baldintzen okerragotzearekin batera, adinekoen "prekaritate egoera" handitu delako.

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak langileak "gutxietsi eta umiliatzen dituela" salatu dute sindikatuek. Langileek pandemia garaian "pertsona zaurgarrienen bizitza eta heriotza" zaindu dituztela baina Aldundiak negoziazioak ixten eta ukatzen dituela azaldu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK