AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/19 10:30

Gernikara (Bizkaia) joatekoa da laster estatu sionistaren ordezkari bat, Elitzur Ramla saskibaloi-taldea: Lointeken aurka jokatuko du azaroaren 25ean eta 27an, Maloste kiroldegian. Hori ikusita, jende ugari ari da partida horien eta, orokorrean, Israelgo kirol-taldeen aurka antolatzen: Palestinarekin Elkartasuna plataformaren eskutik, Gernikan asteak daramatzate Elitzur Ramlaren bisitaren aurkako erantzuna prestatzen, eta larunbat honetako mobilizazioa izango da horren isla. Israelgo taldeak ez Gernikan ez inon lelotzat hartuta, arratsaldeko 18:00etan abiatuko da manifestazioa Merkuriotik.

Busturialdeko kirolari ugarik egin dute bat mobilizazio-deialdiarekin, Elitzur Ramlaren eta gainerako ordezkari sionisten presentziari aurre eginez. Larunbatean manifestaziora batzera deitu dute Koldo Obieta futbol-jokalariak, Gernika Rugbyko 23 urtez azpiko taldeak, Urko eta Unai Lekerikabeaskoa zestalariek, Gernika Atletismo Taldeak, Paul eta Joanes Goitisolo korrikalariek, Gernika Royal Boxing taldeak, Lumo Futbol Kirol Taldeak, Olatz Arrizabalaga pilotariak, Urdaibai Futbol Taldeak, Gernikako Eskalatzaile Taldeak, SD Gernika Clubeko taldeek, Kosnoaga Igeriketa Taldeak, Gernika Sporting Futbol Taldeak eta Gernika Futbol Salak.

Mobilizazioak azaroaren 25ean eta 27an ere

Larunbat honetako hitzorduaz gain, Elitzur Ramlak Gernikan jokatuko dituen bi partiden egunetarako ere egin du deialdi bat Palestinarekin Elkartasunak. Azaroaren 25ean nahiz 27an, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Maloste kiroldegian elkarretaratuko dira, bertan jokatuko baitu Israelgo taldeak.

Beste hamaika aldiz egin bezala, estatu sionistari eta bere ordezkariei boikot egitera deitu du plataformak. "Sionistek palestinarren aurkako genozidioa eta haien izaera koloniala zuritzeko erabiltzen dituzte horrelako kirol-ikuskizunak", azaldu zuten urrian Gernikan egindako agerraldian.

EZ DAGO IRUZKINIK