AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/02 14:57

Busturialdeko Itaiak ekainean ekin zion borroka bati, Gernikan (Bizkaia) gaueko tren zerbitzua zabal zezatela eskatzeko. Hain zuzen, hiru tren geltoki daude Gernikan, baina soilik batean geratzen da trena gauetan; trenak ez du geldialdirik egiten Lurgorrin, ez eta Institutuan. Horregatik, Lurgorrin eta Institutuan ere gaueko tren zerbitzua berma zezatela exijitu zieten Gernikako Udalari eta Euskotreni Busturialdeko Itaiako kideek.

Kanpaina hasi zutenetik, aldarriarekin bat egin duten 2.000 pertsonaren sinadurak bildu dituzte, eta Gernikako 40 taberna inguru batu dira sinadura bilketara. Etxeratze Kolektiboak ere izan ditu martxan Itaiak, eta jende ugarik hartu du parte ekimen horretan, azaldu dutenez. Dena den, tren zerbitzua zabaltzeko eskaerari dagokionez, Gernikako Udalak eta Euskotrenek ez dute erantzunik eman.

"Instituzioek erakutsi dute, beste behin, indarkeria matxistarekin bukatzeko duten borondate eta gaitasun falta", salatu du Busturialdeko Itaiak. "Itxuraz, berdintasunaren aldeko politikak diseinatu arren (sentsibilizazio kanpainak, indarkeria matxistari erantzuteko protokoloak eta zerbitzuak, bestelako neurriak...), errealitatean, horien aplikazioa mugatua da, eta emakume langileon biolentzia egoera kudeatu besterik ez dute egiten", gaineratu du.

Xehatu du, hala, "mugatuak" direla politika horiek, "momentuan momentu dituzten gaitasun ekonomikoen araberakoak direlako"; "gainera, krisi garaian, murritzagoak dira eskaintzen diren baliabideak", diote Itaiako kideek. Bestalde, politika horiek, "emakume langileon beharrak modu egonkorrean bermatzetik urrun, gure zapaldu kondizioa betikotzen" dutela seinalatu du Itaiak: "Indarkeria kasuen kudeaketa edozein baldintzatan onartzera derrigortuta ikusten dugu gure burua, miseria egoera normalizatzera arte".

Borrokarako deia

Udan hasitako kanpaina amaitutzat eman arren, Itaiako kideek azpimarratu dute "norabide horretan lanean" jarraituko dutela aurrerantzean ere, "egun bizi dugun indarkeria forma ororekin amaitzeko". "Argi geratu da indarkeria matxistari modu antolatuan aurre egitea urgentziazko zeregina dela, emakume langileon babesa antolatu eta bermatze aldera", esan dute: "Instituzioen berdintasun politika faltsuen aurrean, emakume langileon interesak defendatzeko eta borrokatzeko konpromisoa berresten dugu, bide horretan, ahalik eta emakume gehien proiektu sozialistara batuz eta emakumeok aktibo politiko bihurtzeko helburuarekin".

EZ DAGO IRUZKINIK