"Presioari esker obraren enpresaren etorrera atzeratzea eta udalarekin bilera bat edukitzea lortu badugu ere, gu inongo alternatiba barik desalojatzeko asmoz dago". Egurre Gazte Asanbladak hala laburbildu zuen egoera atzo arratsaldean, goizean goiz hasitako mobilizazioaren ostean. Atzo, goizeko 08:00etarako, gazte ugari zeuden Gernikako Gaztetxearen bueltan, hura defendatzeko asmoz. Izan ere, espazioa desalojatu nahi du udalak (Guztiontzako Herria), bertan liburutegi bat kokatu ahal izateko obra batzuk medio. Gernikako Udalak ez du, ordea, Gaztetxeak bere jardunarekin jarraitu ahal izateko aterabiderik bermatu, eta beraz, espazioa defendatzen ari da gazte-asanblada. Eraikinean obra egingo duen enpresa atzo zen bertaratzekoa berez, eta horrexegatik elkartu ziren bertan gazte ugari goiz-goizetik, desalojoari aurre egiteko.
Jose Mari Gorroño buru duen udalak hainbat hedabideri jakinarazi zien, atzo bertan, obraz arduratuko den enpresa ez zela egun horretan hurbilduko. Gazte-asanbladari, ordea, ez zieten inolako informaziorik eman udaletik: horrexegatik, goizean zehar, udaletxeraino eraman zuten protesta gazteek, eta eserialdi bat egin zuten bertan. Gaztetxearen jardunarekin jarraitu ahal izateko bermeak aldarrikatu zituzten, horretarako, lehenik eta behin, obrak atzeratzea eta udalarekin bilera bat egitea exijituz. Mobilizazio horri esker, lortu zuen asanbladak udal-ordezkariekin biltzea, baina hala berretsi ahal izan zuten Gaztetxea inolako alternatibarik gabe husteko asmoz jarraitzen dutela alkatetzatik: ez zuten obra atzeratzeko eta desalojoa geratzeko asmorik erakutsi. "Gu desalojatzeko asmoz jarraitzen dute".
Gaztetxea legez kanpo husteko saiakeren ondoren, atzoko eguna zen udalak Egurre Gazte Asanbladari markatutako epemuga, Gaztetxea utzi eta bertatik alde egin zezan. Bertako jardunarekin segitzeko bermerik gabe, baina, eraikina defendatzeko hautua egin dute gazteek, eta hurrengo deialdietara adi egoteko eskatu dute.