AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aurkezpen prentsaurrekoa. Argazkia: Ikasle Abertzaleak
2019/06/19 12:24

Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunea amaitu berri den honetan, "ikasleon formakuntza edo heziketa iraultzailean eta jarrera sozialistan" sakontzeko asmoz, aurtengo Eskola Ibiltariaren ibilbidearen berri eman du Ikasle Abertzaleakek. Aurtengoan, Lekeitiotik (Bizkaia) abiatuko dira ikasleak uztailaren 23an, eta 26an iritsiko dira Gernikara (Bizkaia). Tartean, Aulestia eta Munitibar herrietan egingo dute geldialdia.

Lekeition egin duten prentsaurrekoan adierazi dutenez, "despolitizazioa, lehiakortasuna eta indibidualismoa" nagusi diren gizartean, joera horiei aurre egiteko "proletalgoaren auto-heziketa iraultzailea" ahalbidetuko duten espazioak sortu nahi ditu ikasle antolakundeak; hala, mekanismo dominatzaileek "potentzial iraultzailea" neutralizatu ez dezaten. Norabide horretan, euren "konpromiso sendoa" adierazteko antolatu dute Eskola Ibiltaria. Era berean, borroka komunitatea sendotzeko eta ikasleei udako errutinatik at lau egun "atsegin zein aberasgarri" igarotzeko aukera emateko antolatu dute ekimena.

Lau egun izango ditu ibilaldiak. Martxez gain, hitzaldiak, tailerrak, jolasak zein eskaintza kulturala ere izango dira. Azken egunean, Gernikan, ospakizunerako tartea ere izango dela aurreratu dute.

Bonoak eskuragarri

Gaurtik, ekainak 19, uztailaren 16ra bitartean izango dira eskuragarri Eskola Ibiltariko bonoak, Euskal Herriko hainbat tabernetan. Eskola Ibiltari osorako bonoak 20 euroko prezioa izango du, eta egunekoak, aldiz, 8 eurokoa.