AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/15 12:12

Durangon (Bizkaia), duela urtebetetik dago martxan Kaletik Gaztetxera dinamika: herrian Gaztetxe baten alde lan egiteko sortu zuten asanblada bat, eta indar handia hartu du espazio baten aldeko aldarriak. "Ikusgarria izan da borrokak hartu duen dimentsioa, durangar gazteak antolatuz eta borrokara batuz", azaldu dute.

Horren kontra, baina, gazteen aldarria isilaraztearen alde egin du Durangoko Udalak (EAJ). Egun batetik bestera zarratu du asanbladako kideek orain arte erabilitako lekua, haiekin harremanetan jarri gabe eta itxieraren berri eman gabe. "Batzartzeko, propaganda sortzeko eta materiala gordetzeko toki gabe utzi dute asanblada, bere jarduna zuzenean kaletik egitera behartuz", salatu dute.

Udaltzaingoaren jazarpena

Hori gutxi balitz, eraso gehiago ere jasan ditu azken asteetan Gaztetxearen aldeko taldeak: "Udaltzaingoak, alkateak zuzenki aginduta, asanbladako kideak identifikatu ditu propaganda politikoa egiteagatik, isunak jartzearekin hainbat aldiz mehatxatuz gainera". Kaletik Gaztetxera lelopean antolatu dituzten egitarauak ere oztopatu ditu udalak, horietara udaltzainak bidalita.

"Aurreko udal-gobernuak kalean utzi gintuen eta oraingoak bide beretik jarraitzen du", seinalatu du gazteen asanbladak: "Koloreak kolore, argi geratu da zein den udalaren funtzioa; bere mesedetara ez dagoen kaleko mugimendu oro erasotzea".

Datozen asteetan egingo dituen deialdietara adi egotera deitu du asanbladak, eta abisu eman du: "Gero eta antolatuago gaude, gero eta gehiago gara".

EZ DAGO IRUZKINIK