Pasa den asteburuan izan dira Gazte Koordinadora Sozialistak antolaturiko Araba eta Bizkaiko Gazte Topaketa Sozialistak, Laudion (Araba). Ostiral arratsaldetik igande arratsaldera arte, hainbat hitzalditan eta tailerretan parte hartzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Era berean, otorduak, loaldiak, kontzertuak, bertso saioak eta jolasak ere partekatu dituzte. Laudion GKSk eskaini duena ez da, beraz, formakuntza teoriko eta praktikora mugatu; izan ere, GKSren hitzetan, "hausnarketa kritikorako elementuak garrantzitsuak dira, baina ildo politiko sozialista ehuntzeko oinarrian, berebizikoa da borroka komunitate osasuntsu baten eraikuntzaren garrantzia".
Ostirala
Apirilaren 5ean, ostirala, arratsaldeko 17:00etan izan zen harrera, Laudioko Gaztetxean. Horren ostean, "babes sareak" mintzagai izan zituen mahai ingurua egin zuten gazteek. Bertan, maila nazionaleko zein maila lokaleko hainbat eragilek hartu zuten parte; hain zuzen, Unibertsitateko Indar Batasunak, Itaia sareak, Hernaniko Babes Sareak, eta Gasteizko (Araba) Birjabetze Kolektiboa. Hala, euren ikuspuntu politikoa eta praktika politikoaren oinarriak plazaratu zituzten talde horietako kideek.
20:30ak inguruan amaitu zen mahai ingurua, eta 21:00etan izan zen afaria. Afariaren ostean, eguna bukatzeko, kontzertua eskaini zuen Ziakhus rap musikariak.
Larunbata
Larunbatean, hilak 6, gau hotzari aurre egin ostean, 08:00etan hasi zen eguna, gosariarekin. Egun luzea zuten aurretik gazteek, eta indarrak hartzeko eta gorputzeko tenperatura egokitzeko parada bikaina izan zen otordua. Izan ere, bi hitzaldi mamitsu zituzten zain, bazkal ordura arte.
Batak, helburu zuen "gazte problematika" kontzeptuaren edukia zehaztea eta beroni
erantzuteko antolaketa politikoaren oinarriak pentsatzeko elementuak mahaira ateratzea. Besteak, aldiz, krisi kapitalistaren
testuinguruan "elkartasuna antolatzearen beharra" zergatik eta nola
bistaratzen den hausnartzea zuen xede, baita erronka horri modu eraginkorrean erantzuteak
galdegiten dituen baldintzak aztertzea ere. Bertaratutako jende
kopurua zela-eta, hizlariek saio bakoitza bikoiztu behar izan zuten,
eta bi areto ezberdinetan izan ziren saioak.
Eguraldia
lagun, bazkarirako azken prestakuntzak amaitu, eta 14:30ean izan zen
bazkaria. Ondoren, goizeko eduki teorikoa alde batera utzi, eta logistika
tailerrak izan ziren, 16:00etatik 18:00etara. Bertan, azpiegitura
lanetarako oinarrizko ezagutza praktikoak eskuratzeko aukera izan zuten
parte hartzaileek: elektrizitatea, iturgintza eta sarrailagintza landu
zituzten, hain zuzen.
Segidan, Kluedo Erraldoia jolasa egin zuten Laudioko kaleetan barrena. Nork hil du enpresaburua? izenpean, pista jokoan elkarlanean aritu ziren gazteak, 18:15etik 20:00etara.
Saioa amaitu ostean, Gazte Koordinadora Sozialistak topaketarako prestatutako ekitaldi politikoa izan zen gaztetxean. Neurriz eta indartsu aritu ziren hizlariak, sozialismoaren aldeko borroka indartzera dei eginez, eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko oihua zabalduz.
Eguna amaitzeko, bertso afaria egin zuten. Bertan, hiru bertsolari aritu ziren afal osteko giroa berotzen.
Igandea
Atzoko eguna, igandea, goizeko 09:00etan hasi zuten gazteek, gosariarekin. Muina zen harreman eredu komunisten nolakotasunaz hausnartzea, eta langile klasearen eta kulturaren arteko harremana ulertzeko gakoak eskaintzea . Hala, 09:30ean hasi eta 11:30ak arte, "zaintza eta elkartasunaz hausnartzen" aritu ziren: harreman eredu kapitalistari egindako kritika iraultzailetik abiatuta, zaintzan eta kolektibo berrian oinarritutako harremanen eraikuntzari heltzeko bidea argitzen saiatu ziren Itaia sareko bi kide. Ordu laurdeneko atsedenaldiaren ostean, "klasea eta kultura" jorratu zituzten, 14:00ak arte luzatutako hitzaldian. Kulturaren antolakuntzaz, eta antolakuntza zein militantzia iraultzailea kulturaren erdigunean kokatzearen beharraz aritu zen hizlaria.
14:30ean izan zen bazkaria, eta horren ostean, txukunketarako auzolanarekin eman zieten amaiera topaketei.
Balorazioa
Gazte Koordinadora Sozialistak jakinarazi duenez, lehen ekimen publikoak, "modu eraginkorrean" erantzun die jarritako helburuei, eta hori ildo politiko sozialista "goranzko joeran" aurkitzen denaren seinale da. GKSko kideentzat, "Gazte Topaketa Sozialisten helburua ez da soilik miseriak zeharkatutako errealitate sozialaren hausnarketa kritikorako elementuak eskaintzea". Izan ere, "kritika ez da pentsamenduaren esferan gauzatzen, praktikan soilik gauzatu daiteke".
Horregatik, "printzipio eta balore komunistek gidatzen duten praktika politikoak duen potentzia iraultzailea ehuntzea eta antolatzea da eta izango da Gazte Topaketa Sozialisten tresnak duen helburu behinena", adierazi dute. Zentzu horretan, "pasa den asteburuan Laudion bizi izan duguna borroka komunitatearen praktika ildoak definitzera bidean aurrerapauso kualitatiboa" izan da, GKSko kideen arabera. "Azken finean, jakintza eta gaitasunak kolektibizatzea lehen pauso bat baino ez da, dekadentzian aurkitzen diren harreman ereduak gainditzera eta berauen iturri den botere burgesa deuseztatzera bidean. Guk argi dugu beharrezkoa dela bizitza politikoa sustatzen jarraitzea", nabarmendu dute.