AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iaz Durangon egindako Gazte Topagune Sozialista.
2023/09/21 09:52

Beste debeku politiko bat Mugimendu Sozialistari, EH Bildu-Sorturen aldetik. Hainbat hilabetez Atarrabian (Nafarroa) eta Burlatan (Nafarroa) Gazte Topagune Sozialista antolatzeko onespena izan ondoren; hitzordua argitara eman ondoren; hilabete luzez eta lan militantez Topagunerako egitarau indartsu bat prestatu eta hura argitaratu ondoren, EH Bildu-Sorturen azken erabakiaren berri izan dute Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek: EH Bilduk gidatutako Atarrabiako eta Burlatako udalek ukatu egin diete Mugimendu Sozialistako bi antolakundeei Gazte Topagune Sozialista aurrera eramatea, ekimenerako beharrezkoak diren azpiegitura nagusien erabilera debekatuta.

Atzo iluntzean jakinarazi zuten gertatutakoa Gazte Topagune Sozialistaren antolatzaileek; GKSko eta IAko kideek. "Azken hilabeteetan, Topagune Sozialista Atarrabian eta Burlatan antolatzeko lanetan ibili gara; izan ere, Topagunea herri horietan egiteko borondate ona erakutsi ziguten hasieratik bertako alkate zein teknikariek. Onespena jaso eta hiru hilabete inguru igaro ostean, EH Bilduko udal gobernuek Topagune Sozialista egitea debekatu nahi digute, azpiegitura nagusien baimenak kendu eta ukatu baitizkigute", azaldu dute.

"EH Bilduko udal gobernuek Topagune Sozialista egitea debekatu nahi digute, azpiegitura nagusien baimenak kendu eta ukatu baitizkigute"

"Behin eta berriro beraiekin hitz egiten eta adostasunera iristen saiatu bagara ere, ez digute akordiora iristeko inolako asmorik erakutsi eta, gainera, publikoki gure inguruko gezurrak eta akusazioak egiteari ekin diote", jarraitu dute, Atarrabiako alkateak atzo egindako adierazpen faltsuei erreferentzia eginda, esaterako. Horregatik guztiagatik erabaki dute gertatutakoa argitaratzea eta salatzea, eta "EH Bilduko udal gobernuei arrazoi politikoetan oinarritutako jarrera bidegabe hori alde batera uztera" dei egin diete.

Oraindik ere "egitaraua moldatzeko eta adostasunera iristeko borondate eta konpromiso osoa" erakutsi dute GKSk eta IAk, eta ohartarazi dute ez dutela onartuko "arrazoi politikoetan oinarritutako oztopoengatik Topagune Sozialista bertan behera uztea".

"Arrazoi politikoetan oinarritutako oztopoengatik Topagune Sozialista bertan behera uztea ez dugu onartuko"

Onespena uda aurretik

GKSk eta IAk xehatu dute apirilean jarri zirela harremanetan Atarrabiako eta Burlatako alkateekin, "Topagune Sozialista herri horietan antolatzeko aukera baloratzeko": "Atarrabiari dagokionez, alkateak salatu duenaren kontrara, bere onespena maiatzean jaso genuen eta, gainera, berak hobetsi zuen Topagunea hauteskundeak pasatu ondoren aurkeztea. [...] bere ahozko baimena genuela eta aurrera egin genezakeela esan zigun argi eta garbi". Gaineratu dute alkateari hainbatetan adierazi ziotela "baimenak sinatuta eduki" nahiko lituzketela, baina hark erantzun zuela "edozein kolektibori baimenak azken aste eta egunetan sinatzen zizkiola".

"Berak [Atarrabiako alkateak] hobetsi zuen Topagunea hauteskundeak pasatu ondoren aurkeztea"

"Burlatari dagokionez, hasieratik udaleko teknikariek begi onez ikusi zuten proposamena eta, behin hauteskundeak igaro ondoren, alkate berriarekin harremanetan jarri eta eskariak tramitatzen hasi ginen, inoiz ez baitzion gure proposamenari ezezkorik eman (soilik zenbait espazio eta azpiegitura aldatzeko eskatu zigun, zeina onartu egin genuen)", argitu dute. Beraz, "alkateak behin baino gehiagotan jakinaren gainean jarri eta gero" aurkeztu zuten Topagunea GKSk eta IAk.

Jarrera aldaketa uztailaren bukaeran

"Gure harridurarako, ordea, uztailaren amaieran jarreraz aldatu zuten [bi udalek] eta Topagunea ezingo genuela antolatu adierazi ziguten", jarraitu dute aletzen GKSko eta IAko kideek: "Atarrabiako alkateak zein Burlatako teknikariek hasieratik borondate onez hartu bagintuzten ere, EH Bilduk gure ekimena debekatzeko maniobra burokratikoa egin du, eta ordutik aurrera ez digute akordio posible batera iristeko asmorik erakutsi".

"Denboran zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta marjina gutxiago uzten digute Topagunea antolatzeko, eta kalkulu horiekin jokatzen ari dira"

Seinalatu dute, gainera, hauteskundeen ostean izan dela jarrera aldaketa hori; GKSk eta IAk "egitarau osoa lotuta eduki ondoren eta beraiek oporretara joan aurretik", hain zuzen ere. "Ordutik aurrera, beraiekin biltzea eta elkarrizketa mantentzea ia ezinezkoa bihurtu zuten. Denboran zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta marjina gutxiago uzten digute Topagunea antolatzeko, eta kalkulu horiekin jokatzen ari dira", salatu dute.

Debekurako maniobra burokratikoa

"Funtsean, honetan datza EH Bildu-Sorturen maniobra burokratikoak eragin duen blokeo egoera: Atarrabiari dagokionez, Hatortxu Rocken edizio bereziak (etengabeko kontzertuz beteriko bi eguneko makrojaialdia) auzoan sortu zituen arazoak zirela eta, horrelako makrojaialdiak soilik urtean behin egingo dituztela adostu zutela bizilagunekin. Horrekin batera, aurtengo Topagune Sozialistaren aurretik Atarrabiako festak ospatuko direnez, bertako bizilagunen deskantsurako eskubidea errespetatu beharragatik, ezingo dugula Topagunerik antolatu", esplikatu dute.

"Burlatari dagokionez, berriz, zenbait ekimen txiki egiteko baimenak eman dizkiguten arren (balizko salaketa baten aurrean beraien burua babestu ahal izateko), Topagune Sozialista egiteko ezinbesteko eremu eta baliabide garrantzitsuenak ukatu dizkigute: hala nola, lo egiteko eremua, gune handia jartzeko tokia eta hitzaldiak egiteko espazioak (kasu batzuetan, baimenak debekatu izanaren arrazoirik ere eman gabe)", gaitzetsi dute gazteek. "Arrazoi teknikoetan ezkutatu nahi dute, beraz, Topagunearen debekua", ondorioztatu dute.

"Arrazoi teknikoetan ezkutatu nahi dute, beraz, Topagunearen debekua"

Ustezko eredua, argudio teknikoak eta bizikidetza

EH Bildu-Sortuk mahaira ateratako ustezko arazoei erantzun diete GKSk eta IAk. Esan dute, batetik, Gazte Topagune Sozialista ez dela "festarako makrojaialdi" bat, Atarrabiako eta Burlatako udalek saldu nahi izan duten modura: "Gazteen formakuntza kritikoa bultzatzera, gure aldarrikapen politikoak zabaltzera eta komunitatea indartzera bideratutako Topagune eredua da. Horren erakusle dira aurrez egin ditugun Topagune Sozialistaren hiru edizioak. Horietan, ideien eztabaidak eta aldarrikapenek zentralitatea izan dute uneoro, eta kontzertuek egitarauaren zati bat baino ez dute hartu izan". Uste dute, hortaz, "guztiz interesatua" dela EH Bildu-Sortuk "Topagune Sozialista makrojaialdiaren ereduarekin parekatzeko saiakera".

Bestalde, nabarmendu dute bi udalek ez dutela "Topagunearen oinarrizko azpiegiturak ukatzeko" inolako "funtsezko arrazoi teknikorik eman": "Atarrabiako alkateak Burlatan akanpalekua arrazoi teknikoengatik jartzea ezinezkoa dela publikoki esan duen arren, Burlatako udal teknikariekin maiatzetik gaude harremanetan, eta akanpalekua jartzeko inolako oztopo teknikorik ez zegoela adierazi ziguten". GKSk eta IAk iritzi diote, dena den, Atarrabian nahiz Burlatan hartu dutela udalek "Topagune Sozialista debekatzeko erabakimena beren gain".

"Guztiz interesatua da Topagune Sozialista makrojaialdiaren ereduarekin parekatzeko saiakera"

"Hasiera-hasieratik sortu ahal izan diren aurreikusi gabeko arazoak konpontzeko erabateko borondatea eduki dugu", gehitu dute Topagunearen antolatzaileek: "Une oro erakutsi diegu bizilagunekin bizikidetza mantentzeko konpromiso osoa, baita egitaraua minimo batzuen baitan moldatzeko prestutasun osoa ere, Burlatan zein Atarrabian".

Borondate falta eta azpiegitura publikoen erabilera pribatua

"Apiriletik zekiten Atarrabiako festak noiz izango ziren eta bertako bizilagunekin zer zuten adostua. Eta, hala eta guztiz ere, jarrera positiboa erakutsi ziguten eta Topagune Sozialistaren xehetasunak zehazteko bilerak egiten jarraitu genuen", zehaztu dute: "Behin baino gehiagotan adierazi diegun bezala, egoera horrek badu irtenbiderik baldin eta borondate politikorik existitzen bada".

"Termino politikoetan, Sortuk lehia bezala ikusten gaitu eta ez du begi onez ikusten Euskal Herriko gazteen artean sozialismoaren aldeko kontzientzia politikoa hedatzen joatea. Horrela soilik ulertu daiteke gurekiko duen jarrera baztertzailea"

"Apiriletik hona aldatu den elementu bakarra EH Bildu-Sorturen borondate politikoa izan da", atera dute ondorioa GKSk eta IAk: "Termino politikoetan, Sortuk lehia bezala ikusten gaitu eta ez du begi onez ikusten Euskal Herriko gazteen artean sozialismoaren aldeko kontzientzia politikoa hedatzen joatea. Horrela soilik ulertu daiteke gurekiko duen jarrera baztertzailea (kontuan izanik honakoa ez dela EH Bilduren udal gobernu batek baimenak ukatzen dizkigun lehenengo aldia)".

"Eurak dira diotenak udal ororen betebehar instituzionala azpiegitura publikoaren kudeaketa inpartziala egitea eta erraztasunak jartzea izan beharko lukeela, baina norabide sozialista batean lanean gabiltzan gazte langileoi trabak eta debekuak jartzea erabaki dute", seinalatu dute GKSko eta IAko kideek. "Argudio teknikoen aitzakiapean mugimendu politikoei eskubideak ukatzea EAJren eta UPNren jokabide historikoa izan da", alderatu dute.

"Eurak dira diotenak udal ororen betebehar instituzionala azpiegitura publikoaren kudeaketa inpartziala egitea eta erraztasunak jartzea izan beharko lukeela, baina norabide sozialista batean lanean gabiltzan gazte langileoi trabak eta debekuak jartzea erabaki dute"

Beste dei bat

"Jarrera hori alde batera uztera dei egiten diegu Atarrabiako eta Burlatako EH Bilduri. Egoera honi irtenbidea emateko borondate politikoa baino ez da behar, eta oraindik garaiz gaude Topagune Sozialista antolatzeko xehetasunak eta bermeak adosteko", aldarrikatu dute berriz Mugimendu Sozialistako bi antolakundeek.

"Publikoki egin dituzten adierazpenek eta sare sozialetatik zabaldu dituzten mezuek kontrako norabidea hartu dutela erakusten dute (adibidez, Atarrabiako eta Burlatako herritarrak jopuntuan jarri ditugula diote eta aste hauetan herritarren babesa beharko dutela esan dute)", behatu dute: "Batetik, bizikidetza arriskuan dagoelako ideia faltsua erabili dute Topaguneari jarritako debekua justifikatzeko eta auzotarrak Mugimendu Sozialistaren aurka jartzeko; bestetik, Hatortxu Rock arriskuan jartzen ari garen mamua zabaldu dute, zeinak ez duen ez hanka eta ez buru, ez baikaude inolaz ere ekimen hori egitearen aurka".

"Bizikidetza arriskuan dagoelako ideia faltsua erabili dute Topaguneari jarritako debekua justifikatzeko eta auzotarrak Mugimendu Sozialistaren aurka jartzeko"

GKSk eta IAk berriz esan dute prest daudela "minimo batzuen gainean adostasunera iristeko eta Topagunea berme guztiekin egiteko". Bitartean, baina, "erabaki arbitrarioengatik debekuak jartzea salatu" egingo dutela jakinarazi dute, baita EH Bildu-Sortu "zabaltzen ari den errelato manipulatuari aurka egingo" diotela eta "Topagune Sozialista antolatu dadin bermeak jartzen jarraituko" dutela ere.

EZ DAGO IRUZKINIK