AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Durangaldeko GKS
2021/09/06 10:26

Larunbat goizaldean Elorrion (Bizkaia) esku hartu zuen Ertzaintzak. San Jose inguruan zeuden pertsonak indarrez irtenarazteko asmoz, haien aurka oldartu ziren ertzainak. Erdialdera ihes egin behar izan zuten han zeuden gazte askok, baina herria hartu eta etxera bidean zihoazen gazteak jazarri zituzten poliziek. Gauean zehar sei gazte atxilotu zituzten guztira.

Durangaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak mobilizaziora deitu zuen larunbat arratsalderako. Elorrioko plazan izan zen elkarretaratzea 19:30ean hasita, eta "gazte langileok etengabe jasaten ari garen jazarpena eta kriminalizazioa" salatzeko nahiz atxilotuei elkartasuna adierazteko batu ziren protestara hainbat eta hainbat lagun.

Elorrioko Udala, erantzule

Bestalde, alderdi politiko instituzionalek halako jazarpen kasuetan duten erantzukizuna ere seinalatu zuten deitzaileek, "pandemiaren kudeaketarako aterabide poliziala baimendu" dutela gogorarazi baitzuten. Elorrioko Udala (EH Bildu) ere seinalatu zuten erantzule modura, eta "era horretako neurri oro bertan behera utz dezan" exijitu zioten.

Elorrioko alkate Idoia Buruagak irailaren 2an helarazi zien gutun bat bizilagunei, eta hor adierazten du, besteak beste, "Ertzaintzari astebururo laguntza eskatzen" ari dela udala. "Herriko bestelako eragileekin elkarlanean gabiltza eta gure esku dagoen guztia egingo dugu, herrian eta zuen gunean, bizikidetza posible izan dadin", gaineratu zuen idatzian.

EZ DAGO IRUZKINIK