AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/11/11 13:59

Proiektu berri bat du esku artean Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak. Gazte Eskola Politikoak abiatuko dituzte azaroan, Elkartu, errealitatea ulertu eta aldatu lelopean. GKSko kideek azaldu dutenez, helburu nagusia da "hausnarketa politikorako eta eztabaidarako" espazio bat sortzea eskualdean, gazte belaunaldiei zuzendutakoa, hain justu: "Errealitate kapitalistak sortzen digun ezinegonetik abiatuta, berau ulertzen saiatzeko grina duen ororentzat elkargune bat eskaintzea du xede".

Horretarako, "gizarte antolaketa kapitalistaren oinarriei" nahiz "gaurkotasuneko zenbait gairi" lotutako hainbat gai izango dituzte aztergai Gazte Eskola Politikoetan. Lehenengo saioetan landuko dituzte, besteak beste, "sistema kapitalistaren ezaugarriak, krisi kapitalista edota faxismoa". Hainbat dinamika erabiliko dituzte gai horien inguruan hausnartzeko, "ikuspuntu kritikoa sustatuta".

Zarautzen (Gipuzkoa) nahiz Zumaian (Gipuzkoa) jarriko dituzte martxan Gazte Eskola Politikoak, eta azaroaren 20an eta 26an izango dira aurreneko saioak, hurrenez hurren. Proiektua aurkezteaz gain, "Zer da kapitalismoa?" galderari erantzuten saiatuko dira lehenengo eskolan, oinarri ekonomikoei buruz arituta. Galdera berdinaren haritik tiraka jarraituko dute solasean bigarren hitzorduan.

Urola Kostako GKSko kideen esanetan, aisialdirako eskaintza ere izango da Gazte Eskola Politikoetan. Soinu Beltzak DJek girotuko dute Zarauzko Putzuzulo gaztetxea azaroaren 20an, eta Ukabil eta Apolo G's rap abeslariak arituko dira Zumaiako Torreberri gaztetxean azaroaren 26an.

Hona hemen Urola Kostako GKSk proiektua aurkezteko argitaratutako bideoa

EZ DAGO IRUZKINIK