AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Confidencial
2023/12/14 12:33

Azaroaren 22tik abenduaren 2ra bitartean egin du azken ikerketa-lana Inkesta eta Politiken Ikerketarako Palestinako Zentroak, eta erakutsi du palestinarren artean gora egin duela erresistentzia armatuaren aldeko jarrerak. Zisjordaniako nahiz Gazako Zerrendako palestinarrak elkarrizketatu ditu aipatutako zentroak, eta, oraingoan, urriaren 7ko kontraerasoari eta horren osteko ofentsiba sionistari buruz galdetu die nagusiki.

Urriaren 7ko gertakariei dagokienez, ondorio argi bat atera du zentroak: elkarrizketatuen gehiengoak (%72) uste du egokia izan zela egun horretan erresistentzia armatuak egindako kontraerasoa (eta badirudi batez ere zisjordaniarren artean nagusitu dela babes hori). Iritzi diote arrazoi nabarmen batzuk izan zituela palestinarren kontraeraso horrek: preso dauden palestinarren askatasuna lortzea, eta sionistek berriki zibilen kontra egindako hainbat erasori erantzutea (kolono sionistek zibil palestinarrei eta Al-Aqsa meskitari eraso egin zieten, esaterako).

Palestinarrek uste dute sionistek ez dutela lortuko beste Nakba bat eragin eta palestinarrak Gazatik kanporatzea: %85ek sinesten dute ez dela hori gertatuko

Palestinarrek, bestalde, uste dute sionistek ez dutela lortuko beste Nakba bat eragin eta palestinarrak Gazatik kanporatzea (hala aldarrikatu dute hainbat buru sionistak): %85ek sinesten dute ez dela hori gertatuko. Elkarrizketatuen %53k iradoki dute sionisten helburua dela Gazako Zerrenda suntsitzea eta biztanle palestinarrak handik kanporatzea. %42k uste dute, ordea, euren asmoa dela Hamasen eta erresistentziaren kontrako mendeku bat exijitu ahal izatea, eta horiek suntsitzea.

Erresistentzia armatuaren aldeko jarrera, gora

"Borroka armatuaren" aldeko jarrerak gora egin du palestinarren artean, ikerketa-zentroaren arabera. Sionisten okupazioari aurre egiteko eta estatu independente bat sortzeko moduari buruz galdetzean, ekainean, palestinarren %52k egin zuten borroka armatuaren alde. Azken inkestan, baina, igo egin da ehuneko hori: %63k uste dute borroka armatua dela modurik eraginkorrena. Negoziazioen alde egin dute %20k (duela hori hilabete bezala), eta herri-erresistentzia ez-biolentoaren alde %13k (%24 izan ziren duela hori hilabete).

Hamasi emandako babesak nabarmen egin du gora Zisjordanian, hirukoizteraino. Gazako Zerrendan ere badirudi igo dela babesa, baina ez hain modu nabarmenean.

Mendebaldeari kritika, baina baita erakunde palestinarrei ere

Nazioarteak azken hilabeteetan izandako jarrerari buruz ere galdetu diete palestinarrei, eta gogor kritikatu dituzte Mendebaldeko potentziak. Gehienek (%87) uste dute Amerikako Estatu Batuen eta bestelako potentzia mendebaldetarren jarrerak urratu eta gutxietsi egiten duela nazioarteko giza-zuzenbidea, eta "bi estatuen irtenbidearen" aldeko beren diskurtsoa ez dela ganorazkoa.

Gehienek (%87) uste dute Amerikako Estatu Batuen eta bestelako potentzia mendebaldetarren jarrerak urratu eta gutxietsi egiten duela nazioarteko giza-zuzenbidea

Palestinarren gehiengoa oso haserre azaldu da, esaterako, genozidio honetan Amerikako Estatu Batuek, Alemaniak, Britainia Handiak, Frantziak edota Nazio Batuen Erakundeak erakutsitako jarrerarekin. Hainbat herrialde arabiarrekin ere ez dira gustura ageri elkarrizketatuak; hala nola, Egiptorekin, Jordaniarekin, Arabia Sauditarekin eta Arabiar Emirerri Batuekin. Turkiaren eta Iranen esku-hartzeekin, kontrara, gustura daude palestinarrak, baita Yemenekin, Qatarrekin eta Hezbolarekin ere.

Palestinako erakundeekin ere kritiko ageri dira inkestan parte hartu duten palestinarrak, hain justu, Palestinako Autoritatearekin (PA) eta bertako buruekin nahiz Fatahekin. Ikerketa-zentro berdinak ekainean egindako inkestak ere argi esan zuen: %84k salatu zuten ustelduta daudela PAren instituzioak, eta %63k seinalatu zuten PA "oztopo bat" dela "palestinar herriarentzako". Azken inkestak erakusten duenez, palestinarren %60k eskatzen dute PA desegitea. Inoiz erregistraturiko ehunekorik altuena da hori.

Palestinarren %60k eskatzen dute Palestinako Autoritatea desegitea. Inoiz erregistraturiko ehunekorik altuena da hori

Gazatarren sufrimendua eragin duten errudunei buruz galdetzean, elkarrizketatuen %52k seinalatu dute Israel. %26k dituzte erruduntzat Amerikako Estatu Batuak, %11k Hamas, eta %9k AP.

Irtenbidea?

Elkarrizketatutako palestinarren %64 azaldu dira "bi estatuen irtenbidearen" kontra. %65k uste dute aukera hori jada ez dela "praktikoa" (duela hiru hilabete %71 ziren), sionisten kokalekuak areagotu egin direlako. %66k iritzi diote, gainera, urriak edo hutsalak direla datozen bost urteetan Palestinako Estatu independente bat ezartzeko aukerak.

%66k iritzi diote urriak edo hutsalak direla datozen bost urteetan Palestinako Estatu independente bat ezartzeko aukerak

Lehentasunezko beharrei dagokienez, %43k erantzun dute hil ala biziko helburu nagusia dela 1967an okupatutako lurretan okupazio israeldarra amaitzea eta Palestinako Estatu bat ezartzea Zisjordanian eta Gazako Zerrendan, hiriburua Jerusalem izanda. %36k uste dute, bestalde, honakoa dela behar nagusia: 1948an kanporatutako errefuxiatuak euren lurretara itzultzeko eskubidea izatea. %11k baino ez diote iritzi "erlijiozko gizarte bat" eraikitzea dela helburu nagusia, eta %9k jotzen dute lehentasuntzat palestinarren eskubideak eta askatasunak errespetatuko dituen sistema politiko demokratiko bat eraikitzea.

Heriotza eta miseria

Inkestan parte hartu duten gazatarren %56k jakinarazi dute ez daukatela nahikoa janari eta ur. Nazio Batuen Erakundearen Elikagaien Munduko Programak (PMA, gaztelerazko sigletan) berriki egindako inkesta baten arabera, Gazan, palestinarren %91k igarotzen dute gaua gose izanda.

Gazan elkarrizketatuen ia bi herenek (%64) esan dute senideren bat galdu dutela edo senideren bat zauritu dela sionisten eraso masiboen ondorioz

Bestalde, Gazan elkarrizketatuen ia bi herenek (%64) esan dute senideren bat galdu dutela edo senideren bat zauritu dela sionisten eraso masiboen ondorioz. Urriaren 7tik hona, gutxienez 18.000 palestinar erail dituzte sionistek Gazako Zerrendan.

EZ DAGO IRUZKINIK