AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / AP Photo/Jehad Alshrafi
2025/11/11 08:33

Israelgo Estatuak herri palestinarra sarraskitzen jarraitzen du Gazan, batez beste zortzi pertsona erailtzen baititu egunean, urriaren 10etik "su-etenerako" akordioa indarrean dagoen arren. Giza Eskubideen Behatoki Euro-Mediterraneoak salatu duenez, okupazio-armada sionistak bizi-baldintza hilgarriak mantentzen ditu bi milioi gazatar baino gehiagorentzako, eta hilketak egiten jarraitzen du erabateko blokeoaren pean.

Gazako Osasun Ministerioak 242 palestinar hildako eta 622 zauritu zenbatu ditu estatu sionistak su-etena urratu ostean. Gazatarren Gobernuaren Hedabideen Bulegoaren arabera, gutxienez 9.500 palestinar desagertuta daude suntsitutako eraikinen azpian edo leku ezezagunetan, eta gorpuak berreskuratzeko behar den makineria astuna blokeatzen ari da Israel. 2023ko urriaren 8tik, 69.179 palestinar erail eta 170.693 zauritu ditu gutxienez.

Behatoki Euro-Mediterraneoak estatu sionistaren aurkako akusazioa berretsi du: gosearen politika erabiltzea elikagaiak, botikak eta erregaia blokeatzean; berreraikuntza eragoztea, eta gaixoen eta zaurituen artatzea ukatzea. Erakundeak nazioarteko isiltasun etengabea eta Gazako babes falta gaitzetsi ditu.

145 laguntza-kamioi bakarrik sartzen dira egunean Gazara, sinatutako su-etenaren baldintzetan adostutako 600 kamioien %24 baino ez, Gazatarren Gobernuaren Hedabideen Bulegoak gogorarazi duenez. Behatokiaren esanetan, estatu genozidak "nahita eteten ditu Gazako sufrimenduan sakontzeko laguntzak", eta larrialdietarako taldeek ezin dute hondakinen azpian harrapatutako biktimengana heldu, okupazioaren murrizketak direla eta.

EZ DAGO IRUZKINIK