AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/25 09:59

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, eta goizean, Bilbon (Bizkaia) egin du agerraldi bat Itaiak, Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Indarkeria matxistaren kontrako borroka "lehen lerroan" jartzeko beharra nabarmendu du, baita biolentzia horri aurre egiteko antolakuntza politikoa aldarrikatu ere. Gaur kaleak hartzera deitu du (22 herritan antolatu dituzte mobilizazioak arratsalderako), baina azaldu du, "gaurko egunetik harago, matxismoaren aurkako borroka eta antolakuntza lehen lerroan mantentzeko hautua" egina duela.

"Guk ez dugu indarkeria matxistaren kudeaketara mugatu nahi, guk indarkeria matxista amaitu nahi dugu. Horregatik, matxismoa errotik amaitzeko alternatiba politikoaren eztabaida da zentroan jarri nahi duguna", atera du mahaira. Eta helburu horren esanahia, hain zuzen ere, "zapalkuntzak oinarri dituen gizarte-ereduarekin amaitzea" dela argitu du. "Itaiatik, Estatu Sozialista eraikitzearen aldeko hautua egiten dugu. Eta indarkeria matxistaren aurkako borroka gaurdanik norabide horretan garatu behar dugu".

Borroka horretan, hiru lehentasuni egin die azpimarra: "eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzuteko antolakuntza sustatzea", "erasotuak izan diren emakumeek beren bizitzekin aurrera egiteko kalitatezko baldintzak borrokatzea", eta "kultura matxistatik milioika irabazi eskuratzen dituzten industria eta enpresariei aurre egitea". Uste du lan horrek guztiak "emakume gehiago antolakuntzara batzeko" balio behar duela, "eta, era berean, emakumeon aurkako biolentziaren aurrean, gizarte mailako euste-horma indartsu bat sortzeko bitarteko" izan behar duela.

Faxismoaren aurkako borroka

"Emakumeon aurkako biolentzia ez da iraganeko kontua. Eta askok hala sinetsarazi nahi badigute ere, matxismoa ez da asmakizun ideologikoa. Indarkeria horrek, oraindik, gure bizitzak zeharkatzen jarraitzen du. Gizartean gero eta inpaktu txikiagoa badute ere, erasoak gure egunerokoaren parte dira", ohartarazi du Itaiak gaurkoan. Gainera, ideologia faxistak gora egiten ari direla salatu du, eta "talde eskuindarrei eta ultraeskuindarrei ez zaiela emakumeon aurkako indarkeria axola".

Hala sakondu du horretan: "Gure senarraren, nagusiaren, etxejabeen edo auzokideen partetik jasandako erasoen aurrean beste aldera begiratzen dute, eta, aldiz, diskurtso arrazistak eta klasistak zabaltzeko balio diena bakarrik salatzen dute. Beraiena emakumeon eta kolektibo zaurgarrien aurkako ideologia baztertzailea da". Horiek horrela, Itaiako kideek urgentziazkotzat hartu dute "matxismoaren eta faxismoaren aurkako borroka lehen lerroan jartzea".

Instituzioen promesa faltsuak

"Politikari profesionalen hitzontzikeriak eta itxurakeriak" ere seinalatu ditu Emakumeon Antolakunde Sozialistak: "Promesa faltsuak egin dizkigute, kaleko mobilizazioa instituzionalizatu dute eta estatuko instituzioetan kokatu dira. Horrela ezin zaio emakumeon zapalkuntzari aurre egin, ezta faxismoaren gorakadari ere". 

Itaiak kritikatu du, gainera, "ezkerreko alderdiek eta feminismoaren baitako sektore batek estatu kapitalistaren baitan kokatzen" dutela "eraldaketarako aukera", eta "instituzio kapitalisten baitan" sartzen dutela "indarkeria matxistaren inguruko eztabaida"; hala nola, "prebentzio-neurrien irisgarritasunean, erasotzaileen zigor penala handitzean, birgizarteratzeko programak indartzean" eta abar. Antolakunde sozialistaren esanetan, baina, eztabaida horien atzean "ez dago indarkeria matxistarekin behin betiko amaitzeko proposamen politikorik, ez baitute zapalkuntza bera betikotzen duen kapitalismoa zalantzan jartzen".

EZ DAGO IRUZKINIK