AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/30 06:34

Irakasle faxista bat kanpora dezatela exijitzeko, mobilizatzen jarraitzen dute Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Leioako (Bizkaia) campuseko ikasleek. Ikasle-mugimenduaren Leioatik! komunikabideak aurreko astean jakinarazi zuen askotariko ideia faxistak zabaltzen dituen gizonezko bat ari dela eskolak ematen lan-zuzenbidean.

Besteak beste, Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzordeen Espainiako Falangearen (Falange Española de las JONS, gazteleraz) eta Santiago Armesilla faxistaren argitalpenak zabaldu ditu irakasle horrek, X plataformaren bidez. Bestelako mezu hofomobo eta matxistak ere argitaratu ditu.

Hori dela-eta, aurreko ostiralean, protestara jo zuten ikasleek: irakasle faxista kalera dezatela exijitzeko mobilizatu ziren Zuzenbide Fakultatean. "Faxistak kanpora" oihu artean, eserialdi bat egin zuten bertan gazteek. Aipatutako irakasleak eman behar zuen klasea etetea lortu zuten, baita hark campusetik alde egin behar izatea ere.

Ikasleak protestan ari zirela, faxista babesteko jarrera hartu zuen fakultateko dekanotzak. Delta segurtasun pribatuko poliziek babestuta, fakultatetik ihes egin eta aparkalekuraino joan zen irakaslea, gazteen protesta-oihu artean.

Klaseen etetea

Ikasleek azaldu zutenez, faxistak aste honetan eman beharreko eskolek aurrera jarraitzen badute, mobilizatzen segituko dute. Hala, zenbait deialdi egin dituzte gaurko, astelehenerako. Goizeko 09:30erako, asanblada ireki batera deitu dute Zuzenbide Fakultateko 2.4 gela parean. Horren ostean, 11:00etan, protesta bat egingo dute fakultatean bertan.

Ostiralean, fakultateko dekanotzak esan zuen "kasua aztertzen" ari dela. Horren ondoren ere, EHUk egindako adierazpen bakarra ikasleen kontrakoa izan zen: irakasle faxista kanporatzeko ikasleek egindako borroka kritikatu zuen unibertsitate publikoak.

Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak EITBn berriki adierazi du onartezina dela faxistak Leioan jasandako "jazarpena". Gazteen borrokak eta exijentziek zabalpena lortu dutela ikusita, ordea, bestelako adierazpen batzuk ere egin behar izan ditu azkenean: aitortu du ez dakiela zehazki zer nolako mezu faxistak zabaldu dituen irakasleak, baina, "delitu izan daitezkeen iruzkinak baldin badira, horren aurkako neurriak" hartu beharko dituztela.

"Faxismoak unibertsitatean lekurik ez duelako, irakasle hau kanporatua izan arte eta EHUk faxistak babesteari utzi arte borrokan jarraituko dugu", seinalatu dute Leioako ikasleek.

EZ DAGO IRUZKINIK