AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteizko Andre Mari Zurian egindako protesta, atxiloketaren kontra.
2023/11/08 09:22

Joan den martxoaren 22an, ikasle bat atxilotu zuen Poliziak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Gasteizko (Araba) campusean. Ikasle Abertzaleak antolakundeak ikasle greba bat zeukan deituta martxoaren 30erako, eta greba horretara deitzeko propaganda egiten ari zenean jazarri eta atxilotu zuten gaztea.

Goiz horretan, propaganda-lanetan ari ziren hainbat eta hainbat ikasle jazarri zituen kalez jantzitako polizia-agente batek, eta Gasteizko Udaltzaingoari hots egin zion, campusera bertara zedin. Fakultateetako batera sartu eta Poliziarengandik babes hartu zuen han gerora atxilotu zuten gazteak. Udaltzainek indarrez irtenarazi zuten, ordea; atxikirik izan zuten, eta Gamarrako polizia-etxera atxilo eraman zuten. Gaur, azaroaren 8an, epaitegian deklaratu behar izan du ikasle horrek, gertatutakoaren harira.

Martxoaren 22an, Polizia inpunitate osoz sartu zen berriz EHUra, eta inpunitate osoz jazarri zituen berriz lan politikoan ari ziren ikasleak. Martxoaren 30eko grebaren aurretik, nabarmena izan zen polizia-indarren esku-hartzea unibertsitatean: campusetan ikasleak jazarri, jarraitu eta identifikatu zituzten hamaika aldiz, eta, martxoaren 22ko kasuan, atxilo ere eraman zuten ikasle bat, propaganda egiteagatik.

EZ DAGO IRUZKINIK