AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/04 09:27

Estokolmoko Nazioarteko Bakerako Institutu Independenteak (SIPRI) kaleratutako datuen arabera, zortzigarren urtez jarraian, mundu mailan egindako gastu militarra igo egin zen 2022. urtean. Osotara, 2,24 bilioi dolarreko inbertsioak egin zituzten askotariko gobernuek, SIPRIk inoiz jasotako kopururik handiena.

Mundu osoko herrialdeek aurrekontuen %6,2 bideratzen dute, batez beste, arlo militarrera; hots, 267 euro pertsonako. Mundu mailako gastuaren igoera %3,7koa izan arren, Europan zifra %13ra heltzen da, azken 30 urteetako urteko igoerarik handiena. Zifratan, zehazki Europan 2022an eginiko gastu militarra 480.000 milioi eurokoa izan zen.

Ukrainako gerra hasi zenetik, SIPRIK aztertutako 36 estatuetatik 23k, euren inbertsio militarra handitu egin dute. Finlandian, adibidez, igoera %36koa izan zen, Lituanian %27koa, Suedian %12koa eta Polonian %11koa. Hala ere, herrialde gehienek epe luzeko hazkunde-planak sinatu zituzten, baita datozen urteetan gastu militarra are gehiago handitzeko konpromisoa hartu ere.

Espainiako Estatuak 11.189 milioi euro bideratu zituen arlo militarrera 2022an, hau da, 2021ean baino %7,8 gehiago. Pedro Sanchezen (PSOE) gobernuak, ordea, konpromisoa hartu zuen gastu militarra BPGaren %2ra hel dadin 2029rako, NATOko kide diren beste bederatzi herrialderen antzera. Horrek gaur egungo aurrekontu militarra bikoiztea eskatuko luke, orain arteko historiako handiena dela kontuan izanik.

Gerraren negozioa

SIPRIren datuen arabera, 2013-2017 eta 2018-2022 laurtekoen artean, Europako estatuen arma inportazioak %47 hazi ziren. Armagintzako mundu mailako 100 enpresa handienen salmentak 592.000 milioi dolar batu zituzten 2021. urtean. Aurreko urtearekin alderatuta, %1,9ko hazkundea izan zuten, 2015etik gelditu ez den joera gorakorrari jarraiki.

25 saltzaile handienek, armagintza-esportazioen %98 hartu zuten beren gain, eta %76 bost estatutako enpresei baino ez dagokie: Amerikako Estatu Batuak, Errusia, Frantzia, Txina eta Alemania.

EZ DAGO IRUZKINIK