AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/01/13 20:17

Gaur hustu dute Gasteizko (Araba) Zentro Sozialista, iazko maiatzetik Arabako hiriburuko Mugimendu Sozialistaren aterpe izan dena, eta "ezinbesteko gakoa aurrera egiteko". Eraikinaren legezko jabeak, Laboral Kutxak, hasi zuen desalojo prozesua; prozesu hori gaur gauzatu dute ertzainek, udaltzainek zein sarrailagileek, elkarlanean. Goizetik hasi dira Zentro Sozialistaren hustea salatzeko protestak, eta polizia-agenteak gogor oldartu dira protestetara batu direnen aurka; atxilotu bat, zaurituak eta identifikatuak izan dira.

Arratsaldean, 18:30ean, desalojoa salatzeko kontzentrazio jendetsu bat izan da Andra Mari Zuriaren plazan, Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak deituta. Zentro Sozialistak aurrera! izan dute aldarri elkarretaratzean.

Poliziak jipoitutako nahiz atzemandako pertsona guztiei babesa emateaz gain, Kontseilu Sozialistak eta Errakik gogorarazi dute iazko maiatzean aurkeztu zutela Zentro Sozialista eta, ordutik, "ezinbesteko espazio bat" izan dela "Gasteizko Mugimendu Sozialistak bere jarduna aurrera eraman ahal izateko". "Azkar hazten ari den mugimendu baten aterpe izan da, aurrera egiteko ezinbesteko gakoa", azaldu dute.

Salatu dute gaurkoan erakutsi dela burgesiak "bere eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela langileriak espazioaren gaineko kontrola ezartzea galarazteko". Horregatik azpimarratu du "ezinbestekoa" dela "Erraki bezalako antolakuntza tresnak indartzen jarraitzea", "elkartasun antolatuari esker gure espazioak defendatu ahal izateko".

Burgesiaren ofentsiba jopuntuan

"Argi dago, bizi dugun garaiotan, burgesiak ofentsiba politiko eta ekonomikoa daramala aurrera", esan dute Errakik eta Gasteizko Kontseilu Sozialistak. Horren isla modura aipatu dituzte, besteak beste, "bizitzaren garestitzea", "soldaten debaluazioa", "prestazio sozialen murrizketa", "eskubide sozial eta politikoen murrizketa", "indar polizialen indartzea", eta abar. Hori guztia, gainera, "alderdi politiko profesional guztiek" babestu dutela salatu dute.

Beharrezkotzat jo dute, beraz, "enpresari eta instituzio burgesekiko modu independentean antolatzea, bai eta horretarako espazio propioak eskuratzea ere". Horri lotuta, Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 29rako deitutako mobilizazioetara batzeko deia egin dute.

"Amaitzeko, argi esan nahi dugu: hau Gasteizko lehenengo Zentro Sozialista izan da, baina ez da azkena izango", nabarmendu dute Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Errakik. "Borrokan jarraituko dugu hain beharrezkoa den Zentro Sozialista Gasteizen egon dadin".

EZ DAGO IRUZKINIK