AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/06/01 09:32

Gasteizko (Araba) Laneko Autodefentsa Sareak apirilaren erdialdean eman zuen Alde Zaharreko Kirol tabernan izandako lan-jazarpen kasu baten berri. Langile bati, Kirolen lanean egindako denbora osoan zehar, modu jarraituan urratu zizkioten eskubideak (lan-ordutegiak egun batetik bestera jakinaraztea, laneguna hitzartutakoa baino beranduago bukatzea, berandu ordaintzea eta abar), eta eraso horiei aurre egitean, modu bortitzean erantzun zuen nagusiak: behargina tabernan giltzapetu zuen lehenengo, eta lanetik bota zuen gero.

LASekin harremanetan jarri zen langilea, eta borrokari ekin zioten apirilean. Kirol tabernari exijitu zioten beharginari ordain ziezaiola zor dion dirua, eta publikoki salatu zuten gertaturikoa. LASeko kideek azaldu dutenez, "modu oldarkorrean" erantzun du nagusiak: "langileari zor dion dirua emateari uko egin dio, jarritako propaganda kendu du, kalera begira kamera bat jarri du eta LAS bera salatu du".

"Jabeen inpunitatearekin amaitzeko bidean", "lan-jazarpenaren aurrean antolatzeko beharrari" azpimarra egin dio berriz LASek, baita "lan-jazarpena gauzatzen duten enpresen jarduna ez normalizatzearen eta ekonomikoki ez elikatzearen garrantziari" ere. Gogorarazi du, gainera, honakoa ez dela Kirol tabernan ezagutzera eman den aurreneko jazarpen kasua.

Biharko, ostiralerako, mobilizatzera deitu du LASek: 19:00etan hasita, elkarretaratze bat izango da Gasteizko Faroloian, Kirolen argitara atera diren azken erasoak salatzeko eta taberna seinalatzeko. Bertaratzera deitu dute LASeko kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK