Israelgo bi saskibaloi-talde etorriko dira Gasteizera (Araba) 2026ko udaberrian, Baskoniaren kontra jokatuko baitute Euroligan. Hapoel Tel Aviv martxoaren 27an izango da Buesa Arenan, eta Maccabi, berriz, apirilaren 7an. Palestinarekin Elkartasuna plataformak azaldu duenez, presioaren ondorioz, talde israeldar horiek publikorik gabe jokatu izan dute zenbait lekutan azken hilabeteetan, "baina ez da nahikoa": eskatu du Gasteizen hitzartutako partidak bertan behera gera daitezela. Hori lortzeko, israeldarren presentziaren aurka mobilizatzera eta boikot egitera deitu du plataformak, eta zenbait ekimen egingo ditu hurrengo hilabeteetan.
Joan den otsailean ere Gasteizen aritu zen Maccabi, eta Palestinarekin Elkartasunak orduan ere seinalatu zuen hainbat erakunderen erantzukizuna: Euroliga, "Israelen parte-hartzea baimentzeagatik", txapelketa pribatua delako eta bazkideek erabakitzen dutelako nork jokatzen duen; Eusko Jaurlaritza, kirol-ekimenak bertan behera uzteko eskumena duelako; Arabako Foru Aldundia, Buesa Arenaren jabe delako; Gasteizko Udala (PSOE), hiriko azpiegiturak kudeatzen dituelako; eta Baskonia kluba, aukera duelako partidak jokatzeari uko egiteko.
Palestinaren aldeko mobilizazioa eta errepresioa Euskal Herrian
Palestinarekin Elkartasunak gogorarazi du Euskal Herrian badirela "Israelen presentzia normalizatzen duten hainbat ekimen", baina "mobilizazio jendetsuak eta borroka arrakastatsuak" izan direla "sionismoaren eta bere konplizeen aurka". Adibide modura aipatu ditu Vueltako protestak Euskal Herri osoan barrena, Elitzur Ramla saskibaloi-taldearen aurkako erantzuna Gernikan (Bizkaia), edo otsailean Maccabiren aurka Gasteizen bertan egindako manifestazioa.
Eta mobilizazioak hedatzearekin batera errepresioak ere gora egin duela nabarmendu du plataformak: "Euskal Herrian ere argi ikusi dugu Palestinarekiko elkartasun-mugimendua indartzearekin batera areagotu dela bere aurkako errepresioa". Dena den, berriz aldarrikatu du "zilegia eta beharrezkoa" dela "palestinar herriaren eta erresistentziaren aldeko mobilizazio eta borroka forma oro".
Sionisten aurpegi zuriketari aurre
"Israelek bere irudia garbitzeko baliatzen ditu, besteak beste, kirol-ikuskizunak", oroitarazi du Palestinarekin Elkartasunak, salatzearekin batera "talde horietako zuzendaritzetako kideak eta jokalariak Israelen enbaxadore" direla eta "harreman estua" izan ohi dutela okupazio-armada sionistarekin. "Israelekin harremanak normalizatzeak proiektu sionista gauzatzeko legitimitatea ematen dio", plataformako kideen esanetan, eta horregatik jo dute ezinbestekotzat sionistekin harremanak etetea. Bide horretan urrats bezala markatu dute, esaterako, Hapoelek eta Maccabik Gasteizen dituzten partiduak bertan behera uztea.