AKTUALITATEA / Faxismoa
Gasteizen ere protestara deitu dute Abascalen ekitaldi bat dela-eta
Voxeko burua larunbatean izango da Gasteizko NH hotelean, ekitaldi batean parte hartzeko. 20:00etarako han elkarretaratzera deitu dute, 'Faxismoaren aurrean, antolakuntza komunista' leloaren pean.
2023eko maiatzaren 11
Gasteizen ere protestara deitu dute Abascalen ekitaldi bat dela-eta
— ARGAZKIA El Día de Córdoba

Santiago Abascal Vox alderdiko burua Euskal Herrian izango da datozen egunetan. Larunbatean, maiatzaren 13an, Arabako hiriburuan dauka hitzordu bat: arratsaldean, ekitaldi publiko bat egingo du Gasteizko Canciller Ayala NH hotelean.

Horren harira, protestara deitu dute: elkarretaratze bat antolatu dute 20:00etarako, NH hotel aurrean. Faxismoaren aurrean, antolakuntza komunista aldarritzat hartuta egin dute deialdia.

Hotelera telefonoz hots egitera ere deitu dute, hoteleko arduradunei Voxen ekitaldia bertan behera utz dezatela exijitzeko. 945 13 00 telefono zenbakira deitzen eta ekitaldia atzera bota dezatela eskatzen ari dira hainbat eta hainbat lagun, eta modu horretara ere presioa egiteko deia zabaldu dute.

Igandean, maiatzaren 14an, Iruñean (Nafarroa) izango da Abascal. NH Iruña Park hotelera joango da Voxeko bozeramailea, baina egun horretarako ere protesta bat antolatu dute: Faxismoaren aurrean, antolakuntza komunista lelopean, kontzentrazio bat egingo dute hotel aurrean, 20:00etan hasita.