Etxegabetuak izateko arriskuan daude Gasteizen (Araba) bizi diren bost familia palestinar. Egoera berdinean egon ziren urrian, baina Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren (EHKS) babesarekin egindako salaketaren ostean, euren egonaldia bi hilabetez luzatzea lortu zuten, eta Espainiako Gobernuko ordezkariordetzak esan zuen ez zituztela "inola ere kalean utziko". Orain, ordea, berriz mehatxatu dituzte abenduaren 31rako kalean uztearekin. Hala jakinarazi du Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, gaur egindako agerraldian.
Gazako familia horiek Espainiako Gobernuak aberriratu zituen iaz, eta Gasteizera bideratu zituzten. Ordutik hainbatetan tokialdatu dituzte eta aterpetxeetan eta ostatuetan bizi behar izan dute. Egoera horretan zeudela jakinarazi zien Espainiako Gobernuak harrera-programa finantzatzeari utziko ziola, eta kale gorrian utziko zituztela.
Egoera salatu ostean egonaldia luzatzea lortu bazuten ere, azken hilabeteetan, Ordezkariordetzak ez die "inolako laguntzarik eskaini benetako etxebizitza-alternatiba bat lortzeko", Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan: "Epemuga baino lehen etxebizitza bat beren kontura lortu behar zutela errepikatu besterik ez dute egin. Aukera hori bideraezina da, alokairurako eskatzen den gutxieneko baldintza aurreko urteko nominak izaten baitira, eta familia horiek genozidiotik ihes egiten eman dute azken urtea".
Oraingoz, erakunde publiko batek berak ere ez die inolako bizitoki-alternatiba egonkorrik bermatu bost familia palestinar horiei. Hori dela-eta, alternatiba erreal bat exijitu dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik, euren egonaldia "berehala eta mugarik gabe luzatzeko". Espainiako Gobernuaren Ordezkariodetzari, Eusko Jaurlaritzari nahiz Gasteizko Udalari egin diote exijentzia, etxegabetze guztien kontrako borrokan.