AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Hip-Hop Wired
2023/07/06 20:20

Frantziako Giza Eskubideen Defendatzaileak "poliziaren eta herritarren arteko harremanei buruzko inkesta" argitaratu zuen duela urte batzuk. Nortasun-kontrolen praktika poliziala batez ere "ageriko gutxiengoetako gizon gazteei" zuzentzen zaiela azpimarratzen zuen. Hau da, nortasun-kontrolak itxuraren arabera egiten direlako ideiari oinarri estatistikoa ematen dio nazioarteko organoaren Frantziako atalak: 5.000 pertsona baino gehiagoko lagin adierazgarri batean, "beltz edo arabiar gisa hautemandako gazte" profila zuten pertsonen %80k esan zuten, azken bost urteetan, polizia-kontroletan geldiaraziak izan zirela, gainerako inkestatuen %16en aldean. Afrikar ondorengo zein arabiar itxura duten pertsona horiek, beraz, "identifikatuak izateko 20 aldiz aukera gehiago" dituztela ondorioztatu dute.

"Beltz edo arabiar gisa hautemandako gazte" profila zuten pertsonen %80k esan zuten, azken bost urteetan, polizia-kontroletan geldiaraziak izan zirela, gainerako inkestatuen %16en aldean

Identifikazioetako profil etnikoa edo inglesez Ethnic profiling deituriko praktika deitzen zaio delituak ikertzeko edo zuzenbidea aplikatzeko, orokortze etniko, arrazial, nazional edo erlijiosoetan oinarritzeari; froga objektiboetan edo portaera indibidualean oinarritu beharrean. Nazioarteko organoek oinarrizko giza eskubideen aurkako praktika gisa definitzen dute. Zentzu horretan, Nazio Batuen Erakundeak "legearen aplikazioan dituzten arrazakeria eta bazterkeria arazo larriei heltzeko" eskatu izan dio Frantziako Estatuari. Hala ere, nazioarteko araubideak ez du inolako zigor-erregimenik ustezko legeak urratzen dituzten herrialdeentzako, batez ere, Mendebaldeko bloke inperialistakoak badira.

Espainiako Estatuan

Frantziako Estatuaren kasua oso ezaguna da, baina ez bakarra. Espainiako Estatuan ere antzeko ikerketa independenteak egin izan dira, nahiko emaitza esanguratsuekin. 2013an, Identificación policial por perfil étnico en España ikerketa argitaratu zen, gisa horretako inkesta batekin. Lagin osoak emandako datuak kontuan hartuta, ijitoak Europako kaukasiar itxura dutenak baino hamar aldiz gehiago identifikatzen dituzte, magrebiarrak 7,5 gehiago eta afro-latinoamerikarrak, berriz, 6,5 aldiz gehiago.

Ijitoak Europako kaukasiar itxura dutenak baino hamar aldiz gehiago identifikatzen dituzte, magrebiarrak 7,5 gehiago eta afro-latinoamerikarrak, berriz, 6,5 aldiz gehiago

Hala, bide publikoan poliziak identifikatzen dituen pertsonen esperientzien aldakuntza nahiko aurreikusgarria da: gizonak emakumeak baino gehiago geldiarazten dituzte, gazteenak helduak baino probabilitate handiagoz; aldiz, erretiratuek eta etxean lanean aritzen diren andreek enplegatuek, langabeek eta, bereziki, ikasleek baino aukera gutxiago dituzte identifikatuak izateko.

Itxuraren araberako termino orokorragoetan, europar kaukasiarrek poliziaren kontrolen bat jasateko probabilitatearen erdia dute. 2011n eta 2012an %7ko probabilitatea zuten batez beste, gainontzeko talde etniko guztien %14aren aldean. Jatorri zein itxura-faktoreak konbinatuta, honako ondorioa atera zuten 2013ko datuekin: Espainiako Estatuan jaio bazara eta itxura kaukasiko europarra baduzu, ia hiru aldiz aukera gutxiago (%16) dituzu kalean poliziak geldiarazia izateko, itxura ez-kaukasiko europarra baduzu eta Espainiatik kanpo jaio bazara baino (%45).

Europar kaukasiarrek poliziaren kontrolen bat jasateko probabilitatearen erdia dute

Zilegitasun poliziala kolokan

Espainiako Estatuko ikerketak mahaigaineratzen dituen beste elementu batzuk poliziarekiko konfiantza, legitimitatea eta lankidetzarako borondatea dira. "Poliziak geldiarazi izanak kalte egiten dio bere jardunari, eta bere legitimitatea ahultzen du", ondorioztatzen dute adituek. Izatez, "gogobetegarritzat" jotzen diren geldialdiek ere ez dute eraginik biztanleek erakunde horri ematen dioten zilegitasun mailan. Aldiz, Espainiako Estatuko kasuan, beste herrialde batzuetan bezala, identifikatuak diren pertsonek "neutrotzat" edo "desegokitzat" jotzen dituzten polizia-kontrolek eragin "negatibo" argia dute poliziaren ikuspegitik.

Hori bai, kontuan izan behar da gutxiengoek edo etorkin-taldeek, batez beste, zuriek baino garrantzi txikiagoa ematen dietela prozedura-justiziari buruzko gaiei; hau da, tolerantzia maila altuagoa dute gehiegikerien aurrean. Baina, era berean, egiaztatu ahal izan da poliziarekiko konfiantza eta legitimitate mailak baxuak direla haien artean ere. Beraz, denborak aurrera egin ahala, geldialdi arrazistek ondorio negatiboak eragiten dizkiote poliziari ere.

Espainiako Estatuko komunitate minoritarioetako eta migratzaileetako pertsonek poliziari legitimitate handiagoa emateko joera zutela ikusi zen duela hamarkada bateko ikerketan; hots, poliziarekin lankidetzan aritzeko prestutasun handiagoa zutela, gehiengo sozialaren batez bestekoaren aldean. Horrek arrazoi desberdinak izan zitzakeela argudiatu zen bere momentuan: populazio-talde horien testuinguru kulturaletan, Espainiakoa baino polizia autoritarioagoak ezagutu izana, aginte-figurekiko errespetuaren errotze sakonagoa, eta abar.

[Poliziari legitimitate handiagoa emateak] arrazoi desberdinak izan zitzakeela argudiatu zen bere momentuan: [...] testuinguru kulturaletan, Espainiakoa baino polizia autoritarioagoak ezagutu izana, aginte-figurekiko errespetuaren errotze sakonagoa, eta abar

Ikerketak ondorioztatzen du faktore horiek poliziarekiko mesfidantzaren "motelgailu" funtzioa bete dezaketela, baina gutxiengoen aurkako kontrol arbitrarioak luzatu ahala, "motelgailu hori ahultzeko arriskua" dagoela ohartarazten dute. Denborarekin, "talde minoritarioek eta migratzaileek ere iritzi negatibo orokortua" garatu dezakete poliziaren inguruan. Are gehiago, "komunitate desberdinen eta poliziaren arteko gatazkak areagotzeko arriskuaz" ohartarazten du ikerlanak, immigrazioaren fenomenoa lehenagotik ezagutzen duten estatuetan gertatu den bezala. Frantziako Estatuan azken astean gertatutakoa horren adibide paregabea da.

EZ DAGO IRUZKINIK