AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/23 19:08
"Gerra garairako egindako aurrekontu bat" iragarri du Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidenteak. Adierazpen napoleoniko horiek ez dira hitz hutsak: gastu militarrera 413.000 milioi euro inguru bideratzea espero da 2024tik 2030era bitarteko Programazio Militarraren Legean. Indarrean den aurrekontua baino %30 handiagoa da hori, urtean 42.142 milioi euro gehiago. "Aurrera egiteko gerra bat izan behar dugu", aurreratu zuen herenegun Mont-de-Marsango aire-basean egin ohi den urte berriko agurraren ospakizunean.

"Gure garaiak ernamuin gisa daramanaren ondorioak atera behar ditugu", esan zuen Macronek. Berehala zehaztu zuen "aldaketa atzeraezinak" datozela hurrengo urteetan. Zentzu horretan, Frantzian "mende honetako erronketarako prest egongo den armada bat" izan nahi dutela berretsi zuen. Hainbat faktorek bultzatu dute erabakia: Ukrainako gerrak, Txinak planteatzen dituen erronkek, AEBek Europar Batasunari arlo militarrarean egindako exijentziek, Frantziako Gobernuak munduko armamentu esportatzaile gisa hirugarren tokia gorde nahi izanak, eta abar. Haien ustez, Frantziako Estatuko armadak "gabezia garrantzitsuak" izango lituzke testuinguru berrien aitzinean, hala nola, "intentsitate handiko gatazkei aurre egiteko ezintasuna", "tropa-kopuru egokia proiektatzeko ezintasuna" edo "eraldaketa digitala" deritzona. Auzi horiek guztiak konpondu nahi ditu Frantziako Gobernuaren hurrengo inbertsio-zikloak.

Macronen kabineteak aurkeztutako proposamena Ukrainako gerraren ondorio zuzena da, intentsitate handiko gerra konbentzionala  gaur egun posible dela frogatu baitu. Baina, bestetik, aurreko doktrinak eta estrategiak berrikusteko prozesu baten ondorioa ere bada. Izan ere, Parisek hamarkada bat baino gehiago darama intsurgentziaren aurkako gerra-ereduan zentratuta. Herentzia kolonialak eta Sahel bezalako agertokietan duen rolak armadaren ezaugarri batzuk aldatzera eraman dute. "Terrorismoaren aurkako gerra" deritzon horretan espezializatu denez, gaitasunak galdu ditu "disuasio klasikoan" zein "intentsitate handiko eta iraupen luzeko gatazketan".

Lehia testuingurua

Gauzak horrela, material moderno samarrak, hegazkin-ontzi nuklearrak, defentsa-industria indartsuak eta Europar Batasuneko Defentsaren aurrekontu handienetarikoak izan arren, Frantziako Estatuak, Erresuma Batuak bezala, hutsune handiak izan ditu "gaitasun kritiko" deituriko arloan; hala nola, munizio adimendunen erabileran edo aire-hornikuntzan. Ukrainako gerrak areagotu egin du Frantziako Estatuko armadaren barruan zegoen eskakizun hori. Haien esanetan, "agerian geratu da Mendebaldeko herrialdeen zati handi batek eskala handiko gatazkei aurre egiteko duen armamentu stock mugatua".

Orain, inbertsio-ziklo berriari begira, gabezia materialak iraultzeaz gain, euren gaitasunak hobetu nahi dituzte. "Informazio-gerra", "inteligentzia militarra" eta "digitalizazioa" izanen dira horren oinarriak. Aurrekoaz gain, Leclerc tankeak Leclerc Scorpion XLR modelo berrira modernizatzeko programekin eta Dassault Rafale ehiza-hegazkin berriak jasotzen jarraituko dute.

EZ DAGO IRUZKINIK