Eibarko (Gipuzkoa) Astelenan bere sorreraren berri eman eta ia urtebetera, Donostian (Gipuzkoa) egin du ekitaldi politiko bat Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), mezu argi batekin: faxismoari eta olatu erreakzionarioari aurre egitera deitu du, premia osoz. Toki esanguratsu bat aukeratu du horretarako: Egia auzoko Blas de Otero Plaza, Lo que no te cuentan de Donosti talde erreakzionarioak mobilizazioei ekin zien lekua.
Hain zuzen ere, plaza hori hautatu du EHKSk jakinarazteko "maila guztietan" egingo diela aurre jarrera erreakzionarioei eta faxismoaren gorakadari. Izan ere, Ander Goiatxe bozeramaileak ohartarazi du "bizi-bizi" ari direla zabaltzen bai joera erreakzionarioak bai antolatutako "faxismo berri bat", eta Garazi Navarro bozeramaileak seinalatu du Euskal Herria ez dela "joera orokorraren salbuespen bat". Egian bertan gertatutakoa jo du horren erakusletzat.
Borroka hiru lerrotan
Erreakzioari eta faxismoari aurre egiteko, "komunistak lehen lerroan" egongo direla jakinarazi du Goiatxek, eta borrokarako hiru fronte azpimarratu ditu EHKSk. Batetik "borroka ideologikoa" edo "ideien maila", aurre egiteko "eskuin muturraren politikari, haien edukiak zabaltzen dituzten erreferenteei eta alderdi erreformisten irakurketei zein politikei". Bestetik, "maila politikoa" bereizi du, hainbat helbururi lotuta: "Europa mailan bloke iraultzaile eta antifaxista eraikitzea", eta "ezker instituzionaletik harago langileen interesak defendatuko dituen alderdi iraultzaile bat" eratzea. Eta, azkenik, kaleari egin dio azpimarra borroka-esparru modura, faxismoa eta erreakzioa eragozteko.
EHKSk konpromisoa erakutsi du "langile-klaseko mugimenduen arteko elkarlana sustatzeko" eta "faxismoaren aurkako lehen lerroan agertzeko"
Kalean borrokatzeari erreferentzia egitean, EHKSk konpromisoa erakutsi du "langile-klaseko mugimenduen
arteko elkarlana sustatzeko" eta "faxismoaren aurkako lehen lerroan
agertzeko", eta eskua luzatu du lanerako. "Argi eduki dezagun: eskuin muturrari eta
faxismoari ez zaie kale mailan antolatzen utzi behar. Ez dira pasako", aldarrikatu du. Zentzu horretan, beharrezkotzat jo du mobilizazio handiak egitea, eta horretarako asmoa agertu du.
Faxismoa: erakundeetan eta kalean normalizatzen
Azaldutako agertokian, faxismoa normalizatzen ari dela uste du EHKSk, eta erakunde publikoetan nahiz kalean ikus daitekeela hori. Batetik, alderdi politiko instituzionalak eskuinerantz mugitzen ari direla seinalatu du Navarrok, "erreformismotik erreakziora eta faxismora" biratzen ari direlakoan, eta Europa osoan zehar eskuin muturreko alderdi parlamentarioak nagusitzen ari direla ere izan du gogoan.
Faxismoa normalizatzen ari dela uste du EHKSk, eta erakunde publikoetan nahiz kalean ikus daitekeela hori
Horretaz gain, baina, askotariko talde faxisten kaleko jarduna eta mobilizazioak ere areagotzen ari dira han-hemenka, EHKSk salatu duenez. Antolakundeak, hala, ohar egin du gaurkoan: "autoritarismoa eta bazterketa" bultzatzen dituzte adierazpen faxista horiek guztiek, eta "langile-klasearen eta hau osatzen dugun kolektiboen aurkako gorroto-diskurtsoak" hedatu nahian ari dira.
Horri lotuta, EHKSk ondorioztatu du aldatzen ari dela alderdi politikoen programa-izaera. Historikoki gerra eta murrizketak agendaren erdigunera eraman dituzten alderdien "eredu zaharra", gaur egun, bai sozialdemokraziak, bai zentroko alderdiek, bai eskuinekoek ordezkatzen dute. Bestalde, erreakzioak eta faxismoak ordezkatzen dute "alderdi-eredu berria", EHKSren esanetan. Argitu du, ordea, guztiek daukatela oinarri edo funts berdina: "ekonomia kapitalistaren eta nazioaren defentsa, eta estatu burgesarekiko atxikimendua".
Erreakzioa ere gogor
Krisiak eta programa-ezintasunek erabat markatutako garaian, erreakzioa ere gogor oldartzen ari dela nabarmendu du EHKSk: "Diskurtso baztertzaileen gorakada izaten ari da, eskuin muturreko joerak areagotzen ari dira eta orain dela urte batzuetara arte pentsaezinak ziren diskurtsoak hedatzen ari dira emakumeen, LGTB kolektiboaren eta etorkinen aurka, baita mobilizazioak egiteraino ere".
"Diskurtso baztertzaileen gorakada izaten ari da, eskuin muturreko joerak areagotzen ari dira eta orain dela urte batzuetara arte pentsaezinak ziren diskurtsoak hedatzen ari dira"
"Delinkuentzia" eta "segurtasuna" bezalako hitz potoloak bolo-bolo dabiltzan honetan, EHKSk gogorarazi du "langile-klasearen pobretzea" dagoela azalean uzten diren hamaika arazoren jatorrian, eta horri ezin zaiola aurre egin "langileen eskubide politikoak murriztuz, polizia gehiagorekin eta debekuekin". "Oztopo nagusia" jarri nahi izan du jomugan: "Eredu kapitalista bera eta agintean dagoen oligarkia".
Oligarkiaren interesak eta gerraren mehatxua
Faxismoaren eta erreakzioaren indartzeaz gain, gerraren mehatxuaz ere hitz egin du EHKSk gaurko ekitaldian. Guda baterako arriskua eta testuinguru belikoa larriagotzen ari direla iritzita, antolakundeak salatu du hamaika interes ekonomiko eta politiko dituztela oligarkiek; bai Europakoak bai Amerikako Estatu Batuetakoak. Eta oligarkia guzti-guztiek daukate helduleku bera, antolakundearen hitzetan: "langile-klasea sakrifikatzea euren interesak bermatzeko", baita hura gerrara kondenatu behar badute ere.
Oligarkia guzti-guztiek daukate helduleku bera, EHKSren hitzetan: "langile-klasea sakrifikatzea euren interesak bermatzeko"
"Oligarkia atlantistak, zeinaren beso armatua NATO den eta, gaur egun, Batasuneko patua eta instituzioak kontrolatzen dituzten politikari profesionalen bidez, gerraren amildegira eta Europako estatuen erreforma autoritariora garamatza zuzenean", diote EHKSko bozeramaileek. Xehatu dute, hala, oligarkiek abagune bat aurkitu dutela Ukrainako gerran, langile-klasearen "eskubide sozialak eta politikoak mugatzeko" eta "soldaten aurkako ofentsiba" azkartzeko.
"Gerrak oligarkiari aukera
ematen dio autoritarismoan sakontzeko, soldatak jaisteko, zerbitzu publikoetan
murrizketak ezartzeko eta negozioa egiteko industria militarrarekin. Goi-burgesia baten
eskuetan gaude, eta hiltegira eramango gaituzte euren posizio pribilegiatua bermatzeko,
eurek sortutako krisi ekonomiko eta historiko baten bitartez", laburbildu du EHKSk.